KRITIKA. Dantza

Gehiegi niretzat

<em>The Best of Darkness</em> dantza emanaldiko irudi bat.
The Best of Darkness dantza emanaldiko irudi bat. JONATAN GRETARSSON

Agus Perez -

2019ko abenduak 3

'The Best of Darkness'

Konpainia: Iceland Dance Company. Koreografia: Erna Omarsdottir, dantzarien kolaborazioarekin. Zuzendaritza: Kata Ingva. Musika eta soinua: Sigur Ros, Vladimir Johannsson. Argiak: Bjorn Bergsteinn Gudmundsson. Panpinak: Gabriela Fridriksdottir. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 29.

Sinistu ezinik eta suminduta nator etxera lerrook idaztera Arriaga antzokian Islandiako Iceland Dance konpainiaren pieza ikusi ostean.

Oso era mortuan hasi da dena, iluntasun ia erabatekoan eta eszenaren erdian gorputz multzo bat behegainean botata ikusten zela. «Txarto hasi gara», esan diot neure buruari. Are gehiago gorputz multzoaren balizko mugimenduren bat antzemateko hamar minutu luze behar izan direnean. Beharbada, lehenago ere hasi dira mugimenduak, baina argiek ez zuten lar laguntzen, eta dantzari denek zeukaten gorputz osoa —aurpegia barne— maillot grisekin estalita. Soinu erdi teluriko erdi atmosferiko batek girotu du eszena, eta esku-programan irakurri dut Sigur Ros egon dela hustasun eszenikoa girotu nahi eta ezinean, Vladimar Johannssonen soinu-eremuak ia ezerezean utzi duelako islandiar kultu-bandaren ahalegina.

Handik ordu laurdenera jakin dugu ustezko dantzarien erdiak haien neurriko panpinak zirela —ordura arte ez da ezer nabarmenik gertatu—, eta orduan gogoratu naiz Asier Zabaletaren 2016ko Hariak dantza-lanarekin, dantzariak eta panpinak ederto nahasten zituena. Orduan, zer dela-eta ez da Ertza konpainia inoiz Arriagan programatu, eta bai, ordea, gaur jaso dugun betelana? Zabaleta gurea delako —eta, beraz, ezdeusa— eta Iceland Dance Eskandinaviatik etorri eta izenburua ingelesez dakarrelako? Gure kosmopaletismoak ez dauka mugarik.

Hasiera ezin pobreago horren ostean, desegin egin da giza multzoa eta bikoteka hasi dira behegainetik bueltak ematen. Orduan konturatu gara haietariko erdiak panpinak zirela, eta gorputzen mugimenduetan argi geratu da inertzia eta pisu guztiz desberdinak zirela haragizko eta trapuzko izakien artean. Bide batez esanda, esku-programan irakurri dugu panpina itxuragabe haiek —azal lodia behar da gero haien egiletza sinatzeko!— berrerabiliak zirela, jatorriz Transequania: into the Blue ikuskizunerako eginak zirelako. Zer gehiago eskatu?

Gero, panpinak sano egurtzen ibili dira tarte batez, Kataluniako boto-emaileak aurrean balituzte bezala, eta une jakin batean eszenatik joan dira dantzariak, ikusleok panpina grisen konpainia alaian utzita. Itzuli direnean, itxura normalagoa zuten —denek prakak eta maukarik gabeko elastikoak jantzita—, baina orduan hasi dira igelen modura korroka egiten, eta, haiek hamar minutuz horrela jardun ostean, ni joan egin naiz aretotik. Berrogeita hamar minutukoa zen emanaldia, eta bukaerarako bost minutu baino ez ziren geratzen, baina ordurako gehiegi zen niretzat koreografoaren eskandaluzko ideia falta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna