Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Ondarea eta bizitza

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Aspaldi lurrundu zen iragana nik nahi nuenean akordura ekarriko zidatela sinistuta gorde nituen gauza haiek guztiak, nire bizitzan inportanteak zirelako maitez-maitez jasotakoak, hilda agertu ziren egun batean mesanotxeko tiraderan. Han zeuden denak etzanda, mutu, gorpu. Uneren bat edo besteren printza ahul bat ekartzen zidan baten batek, gauza lauso bat, oroitzapena izatera ere iristen ez zena, baina gehienak objektu arruntak ziren berriz. Iraungitako pasaportea. Treneko txartela. Metxero hori bat. Argazkiak.

Argazkiek ezer ez esatea egin zitzaidan gogorra, haietan ageri zenarekin inolako loturarik ez sentitzea jada, eta argazki ezinago arruntak zirela ohartzea, une berezirik harrapatu ez eta argazki bitartez une bat berezi bihurtzeko asmoz eginak akaso, auskalo, baina finean, eta ez nuen espero inoiz neure argazkiak hala ikustea, paperezko lauki luze batzuk besterik ez.

Antzekoa gertatzen zait telefonoa bete eta argazkiak ezabatzen hasten naizenean ere. Denbora gutxian zenbat zabor pilatu dudan konturatuta harritzen naiz hasieran, eta errukirik gabe botatzen ditut zaborrontzi metafisikora, harik eta gordetzen ditudanei erreparatzen diedan arte: alaba jaten, alaba lo, alaba bainuontzian, alaba zinbili-zanbuluan, alaba bizikletan... Une berezirik ez, une arrunten pilatzea, une arruntak berezi direla esatea ondo geratzen bada ere. Gordetzeko baino bidaltzeko eginak, egin eta bidali orduko ahanzturara kondenatuak, telefonoa hustea tokatzen den arte. Ez dago Joan Fontcubertaren postfotografia kontzeptua ezagutu beharrik, poltsikoan daramazu, eskuan, buruan.

Telefonoko argazkiak ezabatzen ari zarenean, lekua egin behar baita hurrena ezabatuko dituzun argazki berrientzat, oso argi ikusten duzu kendu hau, kendu bestea, batzuk ez dituzula ezabatu nahi (oraindik), iraganetik zerbait salbatzen ari zarela. Aldi berean, ordea, garbi daukazu ezabatu berri duzun iragan baten hondarrak ari zarela gordetzen (momentuz).

Etxean ez nuen sekula aditu, berria zen niretzat, hondarra etortzen zitzaidan, eta zait, ondarea entzundakoan. Aspaldian asko entzuten da. Beharbada neu naiz, ohartu gabe ere, bila dabilena, edozein lekutan aurkitzen duena.

Ismael Manterolak artikulua idatzi zuen maiatzaren 21eko BERRIAn: Ondarea: teoriatik praktikara. Aurrez banekien Ismael bera bisita gidatua egitekoa zela maiatzaren 25ean, Arte ala ondare? Arantzazu ikur izenekoa.

Haizea Barcenillak zutabe eder bat idatzi zuen apirilaren 18an BERRIAn: Notre Dame sutan. Azken paragrafoak ederki laburbiltzen du zer den ondarea: «Aitak mezu bat bidali zidan mugikorrera: ezustean harrapatu nau suntsiketak, zioen, bitxia da, ez nuen imajinatzen Notre Dame desagertu zitekeenik; Cité irlaren berezko paisaiaren atal bat zen niretzat, betierekoa. Eta mezua irakurri bitartean barneratu nuen baietz, desagertu dela, ezagutzen genuen moduan behintzat; ondarea ez dela betierekoa, unibertsala ez den bezala. Ondarea ere zaurgarria dela, pertsonak bezala, eta zaintzak behar dituela, pertsonek bezala. Ez irabazi ekonomikoak ekartzen dizkigulako, ezta nazio baten sinboloa delako ere, ezta botere jakin baten adierazle izateagatik ere, baizik eta arima, historia eta izaera kontrajarriak bere barruan gordetzen dituelako, pertsona batek bezala».

Irailaren hasieran Brasilgo Museo Nazionala erabat kiskali zela iritsi zitzaigun albistea, moztu egin zizkiotela laguntzak, mantentze lanak ez zirela egin. 20 milioi pieza zeuzkan. Ondarearen hondarrak baino ez ziren geratu. Gero Bolsonarok irabazi zituen hauteskundeak urrian. Apirilean zabaldu zen Filosofia eta Soziologia fakultateei dirua kentzea daukala asmoa.

Gaur zortziko hauteskunde egunaren ostean Idurre Eskisabelek Twitterren idatzi zuen sentimentalki neoliberalak garela, eta horri bueltaka ari nintzela agertu zait Amador Fernandez-Savater, zutabe batekin: Antropologia neoliberala.

Iñigo Astizen bi bertso lerro dabilzkit obstinato baten gisan azken egunotan. «Guztia mintzo zait hemen / ulertzen ez dudan zerbaiti buruz».

Ez dakit ulertzen dudan, ez dakit behar dudan ere, baina badakit munduarekin eta neure inguruarekin pixka bat adiskidetu nauela Gehiengoaren hiria liburuak. Ander Gortazar eta Jonander Agirrek ariketa beharrezkoa bezain ederra egin dute Pasaialdeko arkitekturaz. Arkitektura ondareaz, nahiago bada. Eta oso gauza pertinenteak esaten dituzte. Hau bat: «Onar dezagun: 15 pisuko etxebizitza-dorrea baserria bezain euskal tipologia da».

Eta hau beste bat: «Rem Koolhaasek zioen, Veneziako bienalerako egindako Cronocaos erakusketaren harira, ondarearen babesa salbuespena azpimarratzean oinarritzen dela, eta ondorioz, ez dugula mekanismorik ohikoa, generikoa, mediokrea dena babesteko».

Argazkietan etxeak ageri dira, etxe arruntak, hormigoizkoak, adreiluzkoak, egunero zeure auzoan ikusten dituzunen antzekoak, eta orduan konturatu zara ez dagoela zertan berezi egin ezer, arrunta ere izan daitekeela, badela ederra: alaba jaten, alaba lo, alaba bainuontzian, alaba zinbili-zanbuluan, alaba bizikletan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.