Abel Camacho. Euskara irakaslea

«Euskara ingurune digitalera egokitu behar da derrigorrean»

Oztopoak oztopo, euskarak bide luzea dauka aurrean, Camachoren arabera. Egun irakasleak prestatzeko dagoen ereduak gabeziak dituela ohartarazi du. Ikastetxeen arteko elkarlanean indarra egitea proposatzen du berak.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Santurtzi
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
16 urte zituela, gau eskoletan hartu zituen lehen euskara klaseak Abel Camachok (Alcazar de San Juan, Espainia, 1966), eta bi urte aski izan zituen irakasle bihurtzeko. AEKn hasi zen, eta ordutik 34 urte baino gehiago eman ditu helduak euskalduntzen, Santurtziko (Bizkaia) Udal Euskaltegian azkenak. Eskolak emateaz gain, askotariko ikasmaterialak egin ditu, eta irakasleen prestatzailea ere bada. Alta, haren jomuga nagusiak teknologia berriak eta Internet dira; azpimarratu du euskarak ingurune digitalean presentzia behar duela, derrigorrean, bizirik irauteko. Egun, Santurtziko Udaleko langilea eta UEUko kidea da, eta digitalki eredu pedagogikoa aurrera eramateko lanean dihardu.

Posible al da bi urtean hizkuntza bat ikasi eta irakasle izatea?

Garai hartan ez nuen euskara asko jakingo, baina, zegoen ezagutza mailarekin, gutxi jakinda ere nahikoa zen.

Zerk bultzatzen zintuen irakasle izatera?

Gau eskolakoak oso urte ederrak izan ziren; giroa itzela zen. Gazteak ginen, eta edozer egiteko prest geunden.

Gau eskolen garaian, zein zen Santurtzin euskararen egoera?

Ezagutza eta erabilera oso txikiak ziren. Gerora jakin nuen urte haietan barne migrazio indartsu baten ondorioz Gipuzkoatik jende asko etorri zela labe garaietan edota Navalen lan egitera. Euskaraz zekien jende asko zegoen, euskalduna zena, baina kalean ez zuten erabiltzen. Halaber, euskaraz eginez gero bizkarra ematen zuen jende asko zegoen kalean.

Egun, zer aldatu da?

Bizkarra behintzat ez dizu inork ematen, baina herri erdalduna da oraindik. Ezagutza handia izanik ere, erabilera oso baxua da oraindik ere. Euskara ez da inolaz ere gazteen hizkuntza.

Ezkerraldean, oro har?

Santurtzik bitxikeria bat du: adinean gora egin ahala euskaldun tasa altuena duen herria da Ezkerraldean. Are gehiago, zaharren eta gazteen arteko euskara ezagutza parekoa da, eta hori gainontzeko herrietan ez da gertatzen.

34 urte baino gehiago eman dituzu helduen euskalduntzean. Bilakaerarik ikusi duzu?

Asko aldatu da. Hasieran ez ginen horren profesionalak, eta horrek bazuen bere gabezia. Baina bat-batekotasun handiagoa zegoen, eta jende gehiago zegoen prest. Azterketa eta ziurtagirien presiorik ere ez zegoen. Egun, euskaltegiak alderdi akademikora mugatu dira, horrek dakartzan abantaila guztiekin. Azken urteetan nabaritu dut ikasleak gehiago datozela derrigortasuna dutelako, eta, zenbait kasutan, horrek pisu handia dauka.

Ezkerraldean zer garrantzi du helduen euskalduntzeak?

Garai batean, eskualde honetan zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegi handienak: 500-600 ikasleko euskaltegiak ziren. Baina, egun, Barakaldon izan ezik, gainontzekoetan behera egin du.

Euskalduntzearen krisia bizi izan zenuen?

Bai. Azkenekoa, 2012. eta 2013. urteetan.

Orain gutxi.

Ikasleen beherakada handia eduki genuen, eta egoera beldurgarria zen. Halaber, paradoxa bat gertatu zen: oraindik ere jende askok ezagutzaren ikuspuntutik ez zekien euskaraz, gehienek ez zuten erabiltzen,eta, hala ere, euskaltegiak hutsik zeuden. Nahiz eta prestakuntza beharra krisi garaian handitu, jendeak ez zuen euskararen prestakuntza beharra sentitzen.

Euskaltegietako huste hori izan zen ikasmateriala sortzeko arrazoietako bat?

Euskara ikasteko aukerak zabaldu behar genituela ikusi genuen: online ikasteko aukerak, besteak beste. Josemi Arnaiz eta Pedro Lonbiderekin aritu nintzen autoikaskuntza zentroa sortu nahian. Euskara ikastea errazagoa, malguagoa eta norberaren beharrei egokituagoa izatea nahi genuen.

Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunea da adibide: milaka ariketa daude.

Euskaltegiak egin duen gauzarik garrantzitsuenetako bat da. Jada webgunea elikatzeari utzi diogu, baina urtean milioi bat bisita ere izan ditugu.

Espero zenuten izan duen arrakasta?

Online irakasten hasi ginenean, Valentzian [Herrialde Katalanak] eta Alemanian izan genituen ikasleak. Baita Patagonian ere [Txile]. Erabiltzen genuen metodoa teknologikoki oso pobrea zen, baina, ilusioarekin eta gogoarekin, lortu genuen munduko txoko askotako jendeak euskara ikastea.

Zer garrantzi du Internetek euskararen iraupenean?

Euskara ingurune digitalera egokitu behar da derrigorrean. Ingurune digital berrietan bizi ez den hizkuntza bat ez da biziko ingurune analogikoan. Hau da, euskarak presentzia izan behar du ingurune digitalean. Are gehiago, beste esparruetan egon ahal izateko, Interneten egon behar du, eta hor eragile aktiboak euskaldunok izan behar dugu, gure hizkuntza aurrera eramateko.

Zer egin behar da?

Hasteko, mentalitatea aldatu behar da, eta ingurune digitalean bizi garela konturatu behar dugu. Komunikazioan, hezkuntzan, administrazioan eta beste hainbat esparrutan bultzatu behar da digitalizazioa. Guk hori aspaldi ikusi genuen, eta beti izan dugu presente teknologiak euskaraz hitz egin behar duela. Aitzitik, Pedro Lonbidek eta biok era askotako software eta aplikazioak euskaratu ditugu, Joomla eta Moodle, besteak beste.

Zer ekarpen egin ditu teknologiak euskaran?

Ikusgarritasuna eman dio. Teknologiari esker, euskara bestelako hizkuntza handien pare jarri da. Baina ez jartze aldera, baizik eta euskal herritarrei zerbitzu hori emate aldera. Bizitzeko aukera ematen du teknologiak.

Non jarri behar da indarra?

Software librean, kode irekiko aplikazioan. Hor dago erronka, eta gizarteko alor guztietara zabaldu behar da. Era berean, enpresen eta administrazioaren zeregina da.

Zer garrantzi du UEUk horretan guztian?

Niretzat, UEU, etxea izateaz gain, herri honek eman duen fruiturik aberasgarrienetako bat da. Irakasle asko bertan trebatu dira online ikasbidean. Egun, UEUren eskaintza oso egonkortua dago; hein handi batean, esperientzia eta eredu pedagogiko bat duelako.

Zure ibilbidean 1.500 ordu eta 50 ikastaro baino gehiago eskaini dituzu irakasleen prestakuntzan; UEUn hasi zinen.

Hala da. Euskara irakasle berriei begirako ikastaroa izan zen UEUn eman nuen lehena. Eta tentelki gertatu zena gerora urte askotan eguneroko zeregina izan da. Ez dut zalantzarik gure lanak emaitza izan duela, baina, era berean, badakit askotan ez duela izan. Gaur egun irakasleen prestakuntzarako dagoen ereduak arazo oso handiak ditu.

Zer arazotaz ari zara?

Irakasle askok puntuak lortzeko egiten dituzte ikastaroak, eta ez ezagutza berriak jasotzeko. Erabat bidezkoa iruditzen zait. Kontua da prestakuntza sistema osoa horretan oinarritzen dela, hau da, ziurtagirietan. Azken hogei urteetan, hainbat milioi gastatu dira prestakuntzan, eta zalantza dut zerbait lortu ote dugun. Irakasleen prestakuntza testuinguru formaleko ikaskuntza molde bat bihurtu da, irakasleen garapen profesionalarekin zerikusirik ez duena. Oraindik ere hezkuntza praktika zaharkituak ditugu, euskarri teknologiko berrietan.

Zertan trebatu behar dira irakasleak?

Ikastetxeen arteko proiektuak edota ikastetxe bereko irakasleen arteko koordinazioa bultzatzera bideratu beharko lirateke prestakuntza horiek. Azken batean, irakasleen arteko elkarlana sustatu behar da, eta paradigma horretan irakasleak jarrera aktiboagoa eduki behar du. Eta gure lana haien hezkuntza praktikez gogoeta egiteko baliabideak ematea da.

Hainbat urteren ostean, motibazio faltagatik utziko duzu.

Ikastaroak emanez, ikasleek baino gehiago ikasi dut, profesionalki zein pertsonalki esperientzia oso aberasgarria izan da, baina, era berean, oso nekagarria. Inoiz baino aukera gehiago daukagu komunikazioa efektiboa izateko, eta komunikazioa bultzatzeko. Era berean, inoiz baino inkomunikatuago gaude ikastetxean eta ikastetxeen artean.

Zer gabezia daude euskararen irakaskuntzan?

Euskal unibertsitatearen kasuan, online irakaskuntzarako eredu sendo bat beharrezkoa da, eta horretan UEU lan handia egiten ari da, teknologia erabiltzeko eredu pedagogiko arrazoitu bat bultzatzen.

Hezkuntzan teknologia erabiltzea defendatzen duzu. Zertarako?

Aztertu beharra dago. Telefonoa ikasgeletan debekatzea, adibidez, egin daitekeen gauza inozoenetako bat da. Teknologia ikuspuntu pedagogiko eta kritiko batetik erabili behar da. Teknologia ikasgeletan erabiltzeak zer ekarpen egiten digun aztertzeko, lan handia dago oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.