Alicia Aiala. PSOEko kidea, UGTko sindikalista eta idazlea

«Kalean zegoen giroarekin, askatasun handiagoa genuen espetxean»

Sozialista petotzat du bere burua Aialak. PSOEko eta UGTko militantea da. 21 urterekin atxilotu egin zuten, Bizkaiko erakunde klandestino bateko kide izateagatik.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Santurtzi
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Etxean jaso zuen Alicia Aialak (Barakaldo, Bizkaia, 1947) militantziarekiko grina. Espainiako alderdi sozialistako kide egin zen 18 urterekin, eta, dioenez, ordutik bizitzako egun guztietan borrokatu da. UGT sindikatuan aitzindarietako bat izan zen, eta han igaro zituen urte gehienak. Basauriko espetxetik ere igaro zen bi aldiz, enpresa batzordeetan aritzeagatik. Erretiratu zenean, idazteari ekin zion, eta jada hiru eleberri idatzi ditu bere familiako kideei buruz. Lehena, aitak Espainiako gerran bizitakoari buruz, bigarrena, amari buruz, eta azkena, Cárcel de Mujeres (Emakumeen kartzela) Basauriko kartzelan lehen lerrotik bizitakoa kontatzen duen istorioa. Haien errealitateaz gutxi hitz egin dela argudiatuta, haiek bizitakoaren testigantza bat utzi nahi izan du.

«Bai, nire historia kontatu nahi dut», izan zen elkarrizketa honen proposamenari eman zenion erantzuna —denbora batez gogoetatu ostean—. Zein da zure istorioa?

PSOEko kidea naiz 18 urte nituenetik. Nire familiako kide guztiak sozialistak ziren. Aita Espainiako gerran egon zen. Hemen, ez ginen asko sozialistekin harreman estua genuenak, baina kanpotik laguntzen ziguten. Heldu naizenean, nire erabakia izan da politikara dedikatzea, baina lehenago familian jaso nuen.

Zergatik erabaki zenuen 18 urterekin PSOEn afiliatzea?

Ordurako sozialista nintzen. Mojen eskolara joaten nintzen, eta han komunismoa madarikatutzat, jende gaiztotzat jartzen zuten, eta niri zalantza asko sortzen zizkidan horrek. Baina aitak argi utzi zidan askatasuna guztiaren gainetik zegoela. Nire etxea alderdiko kideak biltzeko tokia zen; liberatu batzuk genituen, familiaren lagunak. Gainera, 15 urte nituela, Paueko neska batekin truke bat egin nuen: Frantziara joan nintzen, eta han, Tolosan [Okzitania] bizi ziren adiskideekin harremanak izan nituen. Muga pasatzean propaganda ekartzen nuen.

Nolako gaztaroa gogoratzen duzu? Beti politikarekin lotua?

Etxean alderdiaren bilerak egiten ziren, eta gure lanaren zati handi bat kopiak egitea zen, ikatz-paperarekin eta idazteko makinarekin. Gogoan dut debekatutako liburuak genituela; alderdiaren liburutegia gure etxean zegoen. Bizitza bikoitza izatearen sentimendua nuen. Mojen eskolara joaten nintzen; han beste ikasle bat nintzen, eta etxean, baimenduta ez zeudela bagenekin harremanak izaten genituen. Beste gaztaro bat bizi izan nuen; 15 urterekin, nire adineko neskek bestelako gauzetan pentsatzen zuten, baina nire kezka nagusietako bat ekonomikoki independentea izan ahal izatea zen.

21 urterekin atxilotu zintuzten lehen aldiz. Nola oroitzen duzu?

Salbuespen egoeraren ondorioz izan zen. 1969an, salbuespen egoera deklaratu, eta jende guztia atxilotzen hasi ziren. Oposizioa egiten zuen jendea, hobe esanda. Enpresa batzordeek grebak eginez hobekuntzak lortu nahi zituzten, baina horren ondorioz, atxiloketa asko izan ziren: besteak beste, gu. Ezagutzen gintuzten; aurreko urtean Nicolas Redondo, Eduardo Lopez eta Ramon Rubial erbestera joan ziren. Polizia nire bila etorri zen etxera, eta aitak esan zien ni ez nintzela handik aterako. Baina hurrengo urtean zuzenean etorri ziren.

Nolakoak izan ziren lehenengo egunak?

Polizia etxean galderak egiten hasi aurretik, argazkiak lortu zituzten; oso ondo zekiten zer gertatzen ari zen. Ni ahalik eta gutxien kontatzen saiatzen nintzen. Oso gogorrak izan ziren 72 orduak. Harrizko banku bat zegoen, besterik ez. Otsaila zen; hotz egiten zuen. Tortura fisikorik ez, baina gizalegerik gabeko tratua jaso nuen. Ez dut gogoratzen etxetik bidalitako ogitartekoren bat baino gehiago jan izana.

Zer esan nahi zuen kartzelan emakumea eta sozialista izateak?

Asko ginen. Gure adinarekin eta kalean zegoen giroarekin, askatasun handiagoa genuen espetxean. Etengabe hitz egiten genuen politikaz. Kalean ezin zen. Garai hartan, talde politiko asko hasi ziren: trotskistak, marxistak, lenninistak, PPko jendea, ETAkoa. Preso komunak ere baziren, eta denok bizi ginen elkarrekin.

Eta gizartean?

Zenbait gauza lortzeko zailtasun gehiago izan ditut, seguru, baina pribilegiatua sentitzen naiz hemen jaio naizelako. Etapak gainditu behar izan ditut, eta zerbait zoragarria izango zela pentsatzen genuenean, alde guztietatik kolpeak jasotzen genituen. Zur eta lur utzi ninduen egun batean, Eibarrera [Gipuzkoa] iritsi ginenean guri txistu egitera etorri zen jendeak, korrika alde egin behar izan genuen. Franco gure etsaia zela uste genuen, baina espero ez genituen beste batzuk azaldu ziren: nazionalista erradikalak. Gaur egun, oraindik ere jende askok ez du buruan besteekin bizi behar duela, ideiak partekatu eta entzun behar dituela.

Engainatua sentitu zara?

Bai. Hemengo nazionalistek engainatu naute.

Zergatik?

Hemen, alde batetik nazionalistak eta bestetik gainerakoak egon garelako. Eta espero ez genituenak jasan ditugu. Bigarren mailakoak izan gara. Nazionalistek gurekin duten harremanean, batzuetan maite gaituzte eta besteetan ez.

Sufritu ere egin al duzu euskaldun ez sentitzeagatik?

Bai. Lanean beti egin didate gutxiago. Ez dut kontatu nahi eman didaten tratua. Eta gainera, euskararena.

Euskararena, zer?

Lan bat lortzeko euskaraz jakin behar duzu, eta, ondorioz, ni betatua nengoen administrazioan. Hogei urte igaro ondoren, ez naiz lanpostu finko bat izatera iritsi. Ez dut ulertzen nola bileretan denek gaztelania ulertzen bazuten, itzultzaile bat egon behar zen; aitzitik, Osakidetzan, ez zegoen itzultzailerik ere. Behin joan, eta ez nintzen berriz itzuli.

1969ra bueltatuz, kartzelatik irtetean, zure pertzepzioa aldatu zen?

Nire ideiei dagokienez, ez zen ezer aldatu; beste gauza bat da nik beste modu batera jokatzea, beldurragatik edo beste helburu batzuk nituelako.

1972an, berriro atxilotu zintuzten.

Garai hartan, Gasteizen enpresa taldeak eta batzordeak sortu ziren. Gure kide batzuk, ia denak irakasleak, Michelin enpresaren inguruan sortu zen mugimenduaren alde zeuden. Guk Bilbotik propaganda bidaltzen genien, eta Poliziak gu ezagutzen gintuen. Hala, Sestaoko [Bizkaia] lagun bat, Blanki nire lagun mina eta ni atxilotu gintuzten. Barakaldon atxilotu gintuzten, hain zuzen. Egun batzuk lehenago, Gasteiztik deitu ziguten gazteen bilera baterako, eta han, urrunetik taldekoak ez zirela nabaritzen zitzaien bi lagun agertu ziren: Polizia zen. Propaganda non zegoen jakin nahi zuten. Informaziorik gabe joan ziren, baina bagenekien itzuliko zirela. Hurrengo egunetan, kontziente ginen Polizia atzetik genuela, eta horietako batean gelditu egin ginen.

Noizbait beldurra ere izan al duzu?

Gizakiekin batera doan gauza natural bat da beldurra. Bigarren aldian, ez nuen lehenengoko errugabetasuna, baina galdeketetan pistola mahai gainean zegoenean, izutzen nintzen. Batez ere, esan behar ez nuena esateko beldurra nuen.

Kartzelatik atera ondoren, 1972an, zergatik erabaki zenuen Alemaniara joatea?

Hemen ikusten nuen ez nuela lanik izango, eta are gutxiago lan erakargarri bat. Horrez gain, lau urteko kartzela eskaera geneukan, eta horiek hitz potoloegiak iruditzen zitzaizkidan. Nire bizitza neure kabuz irabazteko helburua izan dut beti, eta 25 urterekin, Alemanian hizkuntza ikasteko beka bat eskaini zidatenean, joan egin nintzen.

Zer aurkitu zenuen Alemaniatik itzultzean?

1976an, hona iritsitakoan, lan egin nahi nuen, baina zaila zen. Alderdiaren egoitzan edo UGTn lan egiteko aukera suertatu zitzaidan. Erakargarriagoa iruditzen zitzaidan bigarrena, nik hobekien ezagutzen dudan mundua delako. Batzorde bat zegoen; oraindik ez zegoen legeztatuta, baina uste genuen presioa egin behar genuela nahi genuena lortzeko. Garai hartan, askatasun sindikala eman zen. Jendea etortzen zen izena ematera. Oso garai interesgarria izan zen. Komiteak antolatzen genituen enpresetan; grebak, manifestazioak, pankartak egiten genituen, eta txostenak Madrilera bidaltzen genituen. Presioa egin behar zen eskuinak boterea ez lortzeko.

1976an amnistia eman zizuten.

Alemaniatik Madrilera iritsi ginenean, paper bat sinatu eta askatu egin gintuzten. Pablo Castellanos zen gure abokatua. Orduan, amnistia guztiz beharrezkoa zen. Egoera aldatzeko, kartzelan ez da preso politikorik eduki behar.

Eta gaur egun?

Gaur egun, nire ustez, ez dago preso politikorik. Katalanek hori diote, baina legea hautsi duen jendea dago kartzelan.

Zergatik erabaki zenuen zure istorioarekin eta zure gurasoenarekin liburuak idaztea?

Erretiratu nintzenean, aitaren bizitzari buruzko zerbait egin nahi nuen; beti pentsatu izan dut oso modu bidegabean tratatu zituztela Espainiako gerrari aurre egin zioten gazteen belaunaldiak. Alderdi nazionalistan gehiago zabaldu zen, baina ezkerrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zegoen informaziorik. Horregatik kontatu nahi izan dut gerrara joan zen mutil gazte baten ikuspuntua. Aitzitik, pozik nago belaunaldi horretako jendeak irakurri duelako. Existitzen garela erakutsi nahi izan dut. Bai nire gurasoak, bai ni; hau da, pentsaera eta bizitza paraleloa zuen jendea. Gai hori ez da behar adina landu.

Inoiz aldatu dira zure ideiak?

Funtsean, ez. Gizakiak duen ongirik preziatuena askatasuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.