KRITIKA. Musika

Ostertz urrunak

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa



Zuzendaria: Erik Nielsen. Bakarlaria: Truls Mork , txelo jotzailea. Egitaraua: Juan Krisostomo Arriagakoa, Einojuhani Rautavaara eta Camille Saint-Saens.Non: Euskalduna jauregian.Noiz: Urriaren 5ean.

Egitarauko izenburu horrekin eta publikoaren harrera onarekin hasi da BOSen denboraldiaren lehenengo kontzertua. Eta ez da ostertz urrunera jo behar XIX. mendeko bilbotar konpositorearen lana entzuteko, J.C. Arriagakoaren Sinfonia Orkestra Handirako, hain zuzen. Bada, aitortu behar dugu orain arte entzun dugun bertsiorik onena izan dela Erik Nielsen zuzendariak eta gure orkestrak eskaini duena. Nabaria izan da barren-barrenetik aztertu dituztela partituraren zoko-moko guztiak, eta arduraz adierazi dutela soinuen bitartez haren mamia, nahiz eta idazkera inuzentea eta gazte-arokoa izan. Izan ere, hasierako mugimendutik sumatu genuen sokazko eta haizezko egurrezko taldeen arteko elkarrizketa ñabarduraz betea adagioan, gero Allegro Vivaceren kontrapuntuarekin. Beste horrenbeste errepikatu zen 2. Zatiko Andantean. Gero, Minuettora baino Scherzora gehiago hurbiltzen den 3. Zatian, edertasuna islatu zuten egur instrumentuek. Azkeneko 4. Mugimenduko Allegroan, hain justu, grina eta birtuosismoa adierazi zuten.

Arestian aipatutako izenburuak justifikazio handiagoa zeukan Einojuhani Rautavaararen lanean; Towars the Horizon,2. kontzertua biolontxelo eta orkestrarako lana eman zuten. Gure artean gutxi ezaguzten da konpositore suomitarra; 1928an jaio zen, eta gaztaroan hainbat korronte modernoago landu eta gero, neorromantizismoan murgildu zen, 2016an hil zen arte. Goian aipatutako lana 2014an idatzi zuen, Truls Mörk txelo jotzaile berari zuzendua, hain zuzen ere. Gure kasuan, bakarlari norvegiarrak eder jo zuen hasieran bi akorderekin garatzen den melodia: samurtasunez,orkestrarekin pareko protagonismoa izanik. Hiru zatitan banatzen den lana jarraian jotzen da arkuaren itxura hartuz, abesti moduko bat errepikatuz konposizioan zehar. Horretan, txelo jotzaileak soinu lerdena atera zuen nahiz eta askotan muturreko notak jo behar izan, bai grabeetan, bai biolin moduko agudoetan; hala Furioso pasartean nola lirikoetan, eta azken Vigorosoan muturreko agudoetan bukatu arte, ostertz bare eta urrunean balitz bezala.

Benetan harrigarria orkestrak eta bakarlariak atera zuten soinu ilargitarra, batzuetan Sibeliusen tristezia sakona gogoratzen zuena, baina disonantziaz beterik kasu honetan! Entzule zegoen publikoak lau bider aterarazi zuen, txaloen artean, eta bakarlari apartak Bachen lanarekin eskertu zuen.

Ostertz hurbilak ditu, aldiz, Camille Saint-Säens Frantziako konpositoreak 1886an asmatu zuen 3.sinfonia, op. 78, Organoarena deituak. Izan ere, Erromantizismoaren ildotik doana musika askotarikoa da. Batzuetan dantzaren airea duena, besteetan barnerakoia, azkenean egundokoa. Erik Nielsen zuzendariak aurreko lanen estiloetatik irten eta BOSen handitasun tinbrikora, bonbaziara eta frantziar musikaren artifiziotasunera jo zuen; eta arrakastaz, gainera. Garatutako lau mugimenduetan Bilbao Orkestra Sinfonikoak birtuosismoa azaldu zuen eta Daniel Oiarzabalek, organoaren aurrean ez zuen batere zailtasunik izan haren akonpainamendua egiteko akorde beteekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.