BESTE KASU BATZUK

2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Herrialde gehienetan, diktadoreen gorpuzkiak ohore militarrik gabe hobiratuta daude. Askotan ez zieten hileta ospakizun ofizialik ere egin; beste batzuetan, berriz, familiaren panteoian lurperatu zituzten zuzenean. Bakan batzuk desagertuta egon dira hainbat urtez.

Adolf Hitler. Diktadore naziak eta haren emazte Eva Braunek bere buruaz beste egin zuten 1945eko apirilaren 30ean, Berlinen eraikitako bunkerrean. Bertsio ofizialaren arabera, hor bertan lurperatu zituzten biak. Gerora, baina, Hitlerren, Braunen eta Joseph Goebbelsen gorpuzkiak hobitik atera, erraustu eta Biederitz ibaira bota zituzten, omenaldi oro saihesteko xedez.

Benito Mussolini. Partisanoek atxilotu eta fusilatu zuten diktadore italiarra, 1945ean. Herritar talde batek, baina, gorpua hobitik atera eta buruz behera zintzilikatu zuen, beste hainbat buruzagi faxistaren hilotzekin batera, Milango gasolindegi batean. Gero, hilotza hamabi urtez egon zen desagertua: auto baten maletategian, armairu batean eta komentu batean ezkutatu zuten, besteak beste. Gaur egun, haren familiaren panteoian dago hobiratua, Predappio herrian.

Jorge Rafael Videla. Argentinako junta militarrak presidente izendatu zuen 1976tik 1981era. Kartzelan hil zen, 2013an, 87 urte zituela. Diktadorea Mercedes herriko mausoleo batean lurperatu nahi izan zuen familiak, baina hango herritarrek protestaka hartu zuten erabakia. Hortaz, Memorial del Pilar hilerrira eraman zuten. «Olmos familia» izen faltsua daraman hilarri xume baten azpian dago hobiratua gaur egun.

Somozarrak. Nikaraguako Somoza familiako diktadoreen hilotzak ere gora eta behera ibili zituzten. Anastasio Tacho Somoza 1956an hil zuten, eta ohore militarrekin hobiratu zuten Managuan. 1979an, ordea, sandinistek diktadura egotzi zutenean, herritar talde batek Tacho Somozaren hilobia profanatu zuen. Haren semeak, Luis Tachito Somozak, ihes egin zuen, baina Paraguain hil zuten, tiroz; Miamin (AEB) lurperatu zuten.

Augusto Pinochet. Txileko diktadorea ohean hil zen, 2006an. Familiak estatu hileta bat eskatu zuen, baina gobernuak ukatu egin zion. Valparaison dago hobiratua, familiaren kapera pribatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.