Baxoa euskaraz eskatzeko protesta gaur, 12:00etan

Baxoa Euskaraz egiteko eskubidea eskatzeko elkarretaratzea egin zuten joan den martxoan, Baionan. BOB EDME.
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dute baxoa Ipar Euskal Herrian, eta, urtero bezala, azterketa hori euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzera deitu dute gaurko Seaskak, Baxoa Euskaraz taldeak eta Baionako Bernat Etxepare lizeoak. 12:00etarako egin dute deialdia, Baionako Cassin lizeoaren aitzinean.

Seaskak ohar bidez erran duenez, baxoa euskaraz egiteko aukera izatea «euskarari zor zaion ezagutza» ematea litzateke, baita «eskolatze guzia euskaraz egin duten ikasleen ibilbidearen ezagutza» ere. Elkarteak salatu du Parisek, Bordelek eta Pauek ez dutela «inolako borondaterik» erakusten egoera aldatzeko. Alta, Hezkuntza Kodeak «argiki baimentzen» duela dio Seaskak. Honela dio kodearen pasarte batek: «Ikastetxe publiko eta pribatuetako irakaskuntza, azterketa eta tesien hizkuntza frantsesa izan behar da, hizkuntzen eta eskualdeetako kulturen irakaskuntzaren beharrengatik justifikatutako salbuespenetan izan ezik».

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileak biltzen dituen Euskal Konfederazioak ere bat egin du gaurko protestarekin, hizkuntz eskubideen «urraketa» gaitzesteko. Gogoratu du batetik eta bertzetik emandako mezuak kontraerranezkoak direla: «Euskara eta euskaraz ikasten duen ikasle kopurua urtez urte emendatzen den arren, eta euskararen garapenaren garrantzia —irakaskuntza arloan, besteak beste— behin eta berriz azpimarratzen delarik, onartezina da baxoan euskara erabili nahi duten ikasleen eskubide urraketa hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.