Koronabirusa

Araba, Gasteiz eta beste 25 udalerri perimetralki itxiko dituzte gaurtik aurrera

Ostalariek auzitara joko dute, barruko jarduera mugatuta izango dutelako eremu gorriko herrietan. Madrilek ez du maiatzaren 9tik aurrera luzatuko alarma egoera

Herritar batzuk, Gasteizko taberna bateko terrazan, astelehenean. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
EAEko Plan Zibilaren Aholku Batzordeak (Labi) martxoaren 26an erabaki zuen Aste Santuko jaiegunak igaro arte ez zuela berrituko kasuen intzidentzia tasa handiarengatik itxi beharreko tokien zerrenda, eta hala egin zuen atzo: guztira 26 udalerri itxi beharko dituzte gaurtik aurrera. Besteak beste, Araba eta Gasteiz sartu dira eremu gorrian, eta bietan itxiera perimetrala ezarriko dute gaur. Araba eta Gasteiz konfinamendu perimetrala duten lurralde eta hiriburu bakarrak dira. Horietaz gainera, beste 25 udalerri konfinatuko dituzte, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditu dutelako. Araban, hiriburua ez ezik, Eltziego, Iruña Oka, Bastida eta Legutio ere itxiko dituzte. Bizkaian, Berriatua, Berriz, Ermua, Ondarroa eta Zaldibar daude egoera horretan. Gipuzkoan, berriz, Arrasate, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Ormaiztegi, Oñati, Segura, Tolosa, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga.

Toki horietan guztietan aparteko neurriak ezarri beharko dituzte: ezin da atera baimen berezirik gabe, eta ostatuek barruko jarduera mugatua izan beharko dute 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara. Hala ere, dagoeneko ostalarien elkarteek aurreratu dute helegitea aurkeztuko dutela datozen egunetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Haien arabera, ostalariengan eragin zuzena duen erabaki hau ez da «egokia» izurritea kontrolatzeko, eta uste dute ez duela «oinarri nahikorik». Gainera, toki itxietako kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egin ahal izango dira, eta kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik.

Ia toki denetan ari da malkartzen kutsatuen malda, eta agintariak behin eta berriz ari dira arduraz jokatzeko mezuak bidaltzen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi du pandemiaren amaiera «gero eta gertuago» dagoela eta «azken ahalegina» egiteko eskatu die herritarrei. Antzera mintzatu da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea ere. Futbol ospakizunen harira sortutako jende pilaketak hizpide hartuta, azpimarratu du «norberaren konpromisorik ezean» oso zaila izango dela horrelako egoerak eragoztea.

Nafarroako Gobernuak, berriz, gaur berrikusiko ditu Aste Santuari begira hartutako neurri murriztaileak. Printzipioz, etzi arte daude indarrean ostalaritzari eta bilerei eragiten dizkieten neurriak.

Bien bitartean, Hego Euskal Herriko administrazioak bizkortzen ari dira txertaketa kanpaina. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek emandako datuen arabera, orain arte 584.804 dosi jarri dira Hegoaldean. Osakidetzak 469.000 dosi jaso ditu, eta horietatik 450.000 jarri ditu. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du iritsi diren txerto guztien %95 jarri dituela, stock txiki bat gordeta —Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, ordea, jasotako dosien %79 jarri ditu Osakidetzak, 370.000 inguru—. Jaurlaritzak Modernaren 18.000 dosi gehiago jasoko ditu aste honetan, eta AstraZenecaren beste bidalketa bat hila amaitu baino lehen.

Nafarroako Gobernuak, berriz, 23.000 pertsona txertatu nahi ditu aste honetan. Maria Txibite foru gobernuko presidenteak jakinarazi du txerto kopurua handitu egingo dela eta bigarren hiruhilekoan txertaketaren erritmoa «hirukoiztu» egingo dela.

Alarma egoeraren bukaera

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuen ez duela alarma egoera maiatzaren 9tik aurrera luzatzeko asmorik. «Txertaketak pandemiari erantzuteko nahikoa tresna eskainiko dizkigu». Udarako, herritarren %70 immunizatuta egotea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.