Pentsalari poliedrikoa

Federiko Krutwigen jaiotzaren mendeurrena da gaur. Erreferentziazko intelektuala izan zen, eta haren ibili oparoko lan garrantzitsuenetako bi dira Euskaltzaindia berritzeko proposamena 1949an, eta ETAren V. Biltzarreko txostenak.

EUSKALTZAINDIA / BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Federiko Krutwigen (1921-1998) jardun oparoaz galdetuta, Iñaki Egañak erantzun du euskarari eta Euskaltzaindiari egindakoa izan zela haren ekarpen nagusia, «gaur egungo ikuspegi batetik» begiratuta. Izan ere, batzarrak berak eskatuta, hizkuntzaren akademia berritzeko proposamena plazaratu zuen 1949an —onartua izan zen—, eta, haren ekimenez, bilerak euskaraz egiten hasi ziren 1950ean. Gainera, «nahiz eta lerro batzuk arraroak izan», politikoki izan zuen eragina ere «azpimarratzekoa» izan zen, historialariaren iritziz: «ETAren garai bateko ideologo nagusiena edo nagusienetakoa izan zen». Xabier Renteria Uriarte EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslearentzat, intelektual «oso jantzia, oso mardula» izan zen. «Gai asko jorratzen zituen, eta, gainera, alde desberdinetatik. Alde horiei heltzen zien, jatorriaren ikuspegitik». Hamaika lan ondu zituen, izan saiakerak, artikuluak, komentarioak edo ipuinak. Pentsalari poliedrikoa izan zen. Haren jaiotzaren mendeurrena da gaur, baina Getxon (Bizkaia), jaioterrian, Biltzarrek egingo duena salbu, ez dute beste omenaldirik antolatu. «Betoa jarria diote, oso hiztuna zelako, pentsatzen zuena gorde ez zuelako. Enfant terrible bat zen, zakur berde bat», zehaztu du Egañak.

Aita alemaniarra zuen, eta ama bizkaitarra, italiar jatorrikoa. Oinarrizko ikasketak eskola frantsesean eta alemanean egin zituen, Bilbon. Bere kabuz hasi zen euskara ikasten, 8 urterekin, neskame batekin. «Gogoratzen naiz batzuetan joaten nintzela ohe azpira liburuekin, aitak jakin ez zezan euskara ikasten ari nintzela», azaldu zuen Krutwigek 1997an, Jakin aldizkariak argitaratutako elkarrizketa batean. Dozena erdi bat pasa hizkuntza zekizkien.

1936ko gerra piztu zenean Portugalera erbesteratu zen senideekin, eta bi urte geroago itzuli zen etxera. Gerraren ondorengo giro frankistan, Nazario Oleaga euskaltzaina ezagutu zuen, bere aitaren bidez. Oleagari erakutsi zizkion euskaraz eginak zituen lanak, eta hark Resurreccion Maria Azkue Euskaltzaindiaren buruarengana eraman zuen. Krutwig: «Pertsona gutxik izan dute nigan Azkuek eduki zuen garrantzia. Benetako adiskide izan nuen».

1942an, 21 urterekin, euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1947an, euskaltzain oso. Akademia berritzeko proposamena egin ziotenean, erabaki estrategiko bat bultzatu zuen: Seminario de Rojas euskaltzain izendatzea. «Faxista zen. Euskaraz bazekien, ez oso ondo, baina bera beharrezkoa zen, gobernadorearen babesa izateko. Bestela, ezinezkoa izan- go zen Euskaltzaindiaren berregituraketa», kontatu zuen.

Berregituraketan, euskararen batasuna eraikitzeko ahaleginenean tradizio zaharra, Ipar Euskal Herriko idazle klasikoena, berreskuratzeko beharra aldarrikatu zuen. «Proposamen hura, lapurteraren ildotik-eta, apur bat arraroa ikusten nuen, baina bere argudioak irakurrita, esango nuke zentzua duela», defendatu du Renteriak.

Sasoi hartan pertsona aktiboa zen Bilboko kultur munduan. Bilboko Ateneo Berrian parte hartu zuen Blas de Oterorekin batera —«nire adiskide handia izan zen»—, besteak beste, eta, gainera, Mikeldi margolari taldearen sortzailea izan zen; animalien eta landareen aldeko elkarteetako kidea ere izan zen.

1952ko maiatzean heldu zen haren geroa baldintzatu zuen eguna. Luis Villasante euskaltzain hautatu zuten. Sarrera hitzaldia eman zuen Bizkaiko Diputazioaren egoitzan, eta ondoren Krutwigek hartu zuen hitza. Elizak euskararekin zuen jarrera kritikatu zuen. «Baina Bilbon bizi diren euskaldunei, dozenaka milaka izan arren, ez zaie haien hizkuntzan predikatzen», esan zuen, adibidez. Legez kanpoko propaganda egitea eta agintariak iraintzea leporatuta Fiskaltzak hogei urteko kartzela zigorra eskatu aurretik ihes egin zuen, aitak eman zion aholkuari jarraikiz. Parisen lau urte egin zituen, eta Alemanian sei.

Erbestean

Egañaren ustez, erbesteak nortasuna «moldatu» zion. 1962an itzuli zen Euskal Herrira, Miarritzera (Lapurdi). Hurrengo urtean kaleratu zuen Vasconia lan ikonikoa, Fernando Sarrailh de Ihartza ezizenarekin. Krutwigen beraren esanetan, «nazionalismo ezkertiar moderno bat zer zen» izkiriatu zuen. ETA sortu berriarentzat erreferentziazko liburua izan zen. «Badu kutsu berri bat, baina baita kutsu karlista bat ere, berak bere burua oso-oso modernotzat hartu arren», dio Egañak. Pentsatzen du Sabino Aranak bere garaian egin zuenaren «antzeko zerbait» egin zuela. «Aranak gorpuztu zuen ideologia bat karlisten ideologietatik haratago. Bada, Krutwigek Aranaren ideologia gainditu zuen, eta beste ideologia bat sortu. Ezker abertzaleak edo abertzaleen munduko ezkertiarrek erabiltzen dituzte, egun, Krutwigek sortutako parametro batzuk».

Vasconia-ren egilea nor zen jakin zenean, Frantziako agintariek atxilotu egin zuten, frankistek hala eskatuta —Krutwigen hitzetan, «EAJren bidez» jakin zuten nor zen egilea—, eta Belgikara kanporatu zuten. Han ETAko kideekin izan zen harremanetan; besteak beste, Julen Madariagarekin. ETAri kritika gogorrak eginak zizkion Krutwigek, baina berak idatzi zituen ETAren V. Biltzarrean 1967an onartutako bi txostenak —ezkutuan itzuli zen Ipar Euskal Herrira—: politikoa eta egiturei buruzkoa. «Orduan onartu zena ia osoa neuk diktatua da», adierazi zuen 1997an, Jakin-en. ETAko zuzendaritzako kide izendatu zuten, eta militantea izan zen bospasei urtez.

Burgosko Prozesua egin zutenean, 1970eko abenduan, Erroman zegoen, berri agentzia batean lanean. Alemaniak Donostian zeukan ohorezko kontsul Eugen Beihl bahitu zuen ETAk abenduaren 1ean, eta, Egañaren arabera, «rol oso garrantzitsua» jokatu zuen Krutwigek ondorengo egunetako negoziazioetan. Auziaren bueltako «harremanen eta ekarpenen» kopia bat helarazi zion Eusko Jaurlaritzari, Manuel Irujoren bidez —haren artxiboan daude negoziazioez idatzitako gutunak—. «Bilera batzuk izan zituen, Erroman, Willy Brandt kantzilerraren [Mendebaldeko Alemaniako] idazkariarekin». Abenduan 24an askatu zuten Beihl.

Urte batzuk geroago, 1978an, itzuli ahal izan zen Euskal Herrira, eta Zarautzen (Gipuzkoa) hartu zuen bizilekua, hasieran. Urte hartan bertan argitaratu zuen Garaldea, zeinean euskararen jatorriaz mintzo den. Renteriaren aburuz, hizkuntzari heltzen zion «ontolinguistikaren» ikuspegitik. «Ontolinguistikak aztertzen du egiten ditugun egitura gramatikalen atzean zer pentsamendu egitura dagoen. Esaten zuen, adibidez, espainola eta frantsesa binarioak direla; hau da, gauzak direla era batean edo bestean. Baina esaten zuen, aldiz, euskarak eta japonierak logika lausoago bat-edo dutela, ñabardurekin».

Planoen bereizketa

Geroago Bilbora joan zen bizitzera. «Ezker abertzaleak kasu gutxi egin zion, Herri Batasunari-eta oso kritika zorrotzak egin zizkiolako», nabarmendu du Egañak. Bestalde, «betidanik», EAJk «ia-ia gorroto zuen». Euskaltzaindiarentzat lan egin zuen. Nolanahi ere, Krutwigek «kalanbrea» ematen zuen. «Berak bilbotarra, getxoztarra, sentitzen zuen bere burua... Baina Euskaltzaindiak, Bilboko Udalak eta beste erakunde askok bizkarra eman diote. Historiak xurgatu egin du».

Greko klasikoak ardaztu zuen pentsalariaren lana azken urteetan —nerabea zela ikasi zuen—, eta Jakintza Baitha elkarte helenista sortu zuen 1986an, beste bost kiderekin batera. Ez zituzten alferrik bota haren errautsen erdiak Laidako hondartzan (Bizkaia), eta beste erdiak Egeo itsasoan, Kreta uhartetik gertu (Grezia).

Egañak harremana eduki zuen Krutwigekin. «Oso atsegina zen, oso gertukoa. Uste dut bakardadea ez zitzaiola gustatzen. Horregatik erlazionatzen zen era guztietako jendearekin». Esaterako, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegirekin. «Harreman ederra zuten. Baina gero, idaztean, asko kritikatzen zuen Txillardegi; ez zuen ezer gordetzen». Plano pertsonala eta ideologikoa bereizten zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.