Albistea entzun

Dolors Comas D'Argemir. Antropologoa

«Zaintzan, produktibitatea handitzea arretaren kalitatearen aurka doa»

Zaintza sistema aldatzeko premia nabarmendu du Comasek, ezberdintasun sakonak dituelako oinarrian. Pandemiak agerian utzi ditu zahar etxeetan, enpleguetan eta familietan dauden gabeziak, antropologoak gidatutako ikerlan batek berretsi duenez.
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko apirilak 17 - Bilbo

COVID-19aren osasun krisiak adinekoen eta mendekoen zaintzan eta zaintzaileengan nola eragin duen aztertu dute Cumade ikerlanean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek hartu dute parte, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Galiziako bederatzi unibertsitatetakoekin batera, eta 300dik gora zaintzaileren testigantzak bildu dituzte. «Ezin dugu honela jarraitu. Zaintza sistema eraldatu behar da», ondorioztatu zuen Dolors Comas D'Argemir Rovira i Virgili Unibertsitateko antropologo eta txostenaren zuzendariak (Bartzelona, 1951), hil hasieran Bilbon eginiko Zaintzak garrantzia du jardunaldian. «Lorpen historikotzat» jo du bizitza luzatzea, baina iraupen luzeko zaintzei aurre egin beharra nabarmendu du: «Oso erronka handia da».

Zaintza sistema hauskorra dela egiaztatu duzue txostenean. Zergatik?

Genero eta gizarte bidegabekeria sakonetan oinarrituta dagoelako. Injustizia batzuez errazago ohartzen gara, hala nola zaintza enpleguetako prekaritateaz, baina gehiago kostatzen zaigu ikustea pertsona pobreenek eta zaurgarrienek behar dituztela zaintza gehiago, okerrago zahartzen direlako, eta, mendekotasunaren arretarako sistemak ez dituenez zerbitzu publikoak bermatzen, familietako andreak arduratzen direla haiek zaintzeaz. Neurri batean, etxeko zaintza hori ikusezina da oraindik; mendekotasun egoeretan areagotu egiten da, gainezka egin arte, eta familiek orduan kontratatzen dituzte langileak; nolabait, sistemak behartuta.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Milaka pertsona daude mendekotasunaren linboan: hilabeteak edo urteak egiten dituzte mendekotasunaren balorazioaren zain, eta beste horrenbeste zerbitzu bat eskuratzeko. Itxaron zerrenda horiek tratu txar instituzionala dira. Bartzelonan, adibidez, pandemia aurretik, lauzpabost urte itxaron behar zen zahar etxe batean toki publiko bat izateko. Bitartean sare pribatuko toki bat eskaintzen dute, baina laguntzak ez dira nahikoa: mendekotasuneko hirugarren graduarekin 700 eurokoa da, eta zahar etxeak 2.000 euro balio du. Familia zaurgarrienek ezin dute aldea ordaindu, baina zaindu egin behar da; beraz, senide emakumeek hartzen dute ardura hori, beren enpleguak utziz edo lanaldiak murriztuz. Horregatik diogu zaintzeak pobretzen duela, zaintzen duzunean beste gauza batzuk egiteari uzten diozulako, eta horregatik diogu pobreziak emakume aurpegia duela, eta adinean aurrera egin ahala pilatzen dela.

Esan duzu pandemiak argitara atera dituela lehendik ere hor zeuden gauza batzuk, gizarteak ikusi nahi ez zituenak. Zeintzuk?

Hainbat konplizitatek eutsi diote sistemari. Batetik, administrazioena: familiek halamoduz egoerari eusten ziotenez, zertarako jarri baliabide gehiago? Bestetik, enpresena: zahar etxeetako ohe gehienak pribatuak dira, baina asko itunduta daude; enpresei ondo datorkie diru publiko hori, egoitzen funtzionamendua ziurta dezaketelako, eta gero toki pribatuekin etekina atera. Beraz, jendea ahal izan duen moduan moldatu denez, aurrera segitu du sistemak, andreen lana esplotatuz, bai ordaindu gabekoa, bai enplegu prekarioetakoa.

Zahar etxeen egoera aztertu duzue txostenean. Zer gertatu zen pandemiaren gordinenean?

Osasun sistemak gainezka egin zuen, eta horrek eragotzi zuen egoitzetan osasun arreta ematea. Zahar etxeen eta osasun sistemaren arteko harremana zaila zen lehendik ere, baina pandemiak koordinazio arazo handi bat azaleratu du. Egoitzetatik kexu dira osasun sailek emandako jarraibideak ez zirela egokiak izan, zahar etxeak ez baitira ospitaleak: adibidez, adinekoak gelaz mugitzea ez da hain sinplea egoitza batean, mudantza bat da. Eta babes neurririk gabe, langileak ere gaixotu ziren; beraz, hasi jendea logelaz aldatzen plantilla erdiarekin... Noski ez zituztela ondo artatu. Gainera, nolabait, neurriz gain bakartu ziren adinekoak: familiei bisitan joatea debekatu zitzaien, baina, segur aski, zuhur jokatuz gero, lagungarriak izango ziren. Zahar etxeak zokoratu izanak kutsatze eta heriotza asko eragin zituen, eta errua egoitzei leporatu zaie, baina ez zuten egoerari aurre egiteko modurik osasun sistemaren laguntzarik gabe. Eta kontua ez da inori errua botatzea, baina lehentasun batzuk jarri ziren, eta bidegabeak izan ziren, adinagatik eta bizitokiagatik ezarri zirelako.

Nondik dator zokoratze hori?

Lehenago ere ahaztuta geneuzkan zahar etxeak. Baina, horretaz gain, Espainian gailentzen den sistema kuartelen antzekoa da; esaten dugu haien etxea dela, baina ez da hala, han pertsonek erabakimena galtzen baitute: zerbitzura egokitu behar dute, zerbitzua ez baita pertsonetara egokitzen. Halere, alde handia dago tokiaren edo egoitza motaren arabera. Ikusi dugu enpresa multinazional handiek kudeatutako egoitzak direla zaintza kalitate txikiena ematen dutenak, langileek ez dutelako astirik pertsonak artatzeko. Batzuek kontatu digute fabrikan bezala aritzen direla, logela batetik bestera, denbora kontrolatzen dietela... Tratu txar instituzionala da: adinekoen eskubideak urratzen dira.

Itxialdian bereziki garrantzitsua izan zen langileek egoiliarrekin hitz egiten denbora pixka bat pasatzea, ez zutelako bisitarik.

Bai, zaintzak baduelako alderdi emozionala, harremanei lotua: pertsona bat egon daiteke ondo garbituta eta jantzita, baina beste alderdi hori gabe, ez dago ondo zainduta. Egoiliarrek behar izaten dute erreferente bat, egunero ikusten duten zaintzaile bat, baina sistemak ez du bide ematen horretarako: sistema produktibista bat da. Eta pertsonak ez gara makinak: zaintzan, produktibitatea handitzea arretaren kalitatearen aurka doa.

Zahar etxeetako eredua eztabaidagai dago. Zer aldaketa egin beharko litzateke?

Makroegoitzak izugarrikeria bat dira. Zentroek etxeen antzekoak izan behar lukete. Matia fundazioa, adibidez, saiatzen ari da egoitza batzuk bizikidetza unitateetan antolatzen: ondo moldatzen diren pertsonak elkartu, gune batzuk konpartitu ditzaten, hala nola egongela, sukaldea... Elkarrekin bizitzea estimulu bat da haientzat. Noski, ratioak handitzea eskatzen du, eta lan kultura aldatzea, arreta ematean malguago jokatzeko, egoiliarren premien arabera. Halako zerbait sustatu nahi du Espainiako Gobernuak, egoitza berriek gehienez 90 toki eduki ditzaten, 10-12 laguneko taldeetan antolatzeko. Hori egiten badute, ondo, baina eredua aldatzea harago doa. Kontuan izan behar da zer baldintzatan zaintzen den: langile gehiago behar dira, ondo trebatuta.

Iraupen luzeko zaintzaz hitz egiten denean, bi eremu hartzen dira kontuan: etxea eta egoitza. Batetik bestera jauzi handia dago, eta erdian...

Basamortua. Eta erdiko hori da indartu beharrekoa. Izan ere, senideak zaintzen ari diren andreek argi diote ez dutela hori nahi haientzat: ez dute seme-alaben mendeko izan nahi eta ez dute zahar etxe batera joan nahi; hortaz, bestelako alternatibak bilatzen dituzte, baina oso gutxi daude. Etxebizitza kolaboratiboen egitasmoak badaude, baina baliabide ekonomikoak behar dira. Herrialde batzuetan, zerbitzudun etxeak sustatzen ari dira; bakoitzak bere apartamentua du, eta hainbat zerbitzu komun daude: garbiketa, jana, erizaintza.. Halakoek asko atzera dezakete zahar etxera ezinbestean joateko unea.

Familien tamaina txikitzeak aldaketa horiek azkartuko ditu?

Beharko, arazo demografiko handia baitugu: oraindik uste dugu familia dela zaintza emaile nagusia eta zahartzean seme-alabek zainduko gaituztela, baina zein familiaz ari gara? Jaiotza tasa behera doa, eta gero eta luzeago bizi gara; nahi izanda ere, ezin dugu orain arte bezala zaindu. Londresen bizi den alabari eskatuko diot etor dadila ni zaintzera? Eta umerik ez dutenek? Zaintza eskubide bat da, eta politika publikoetatik bermatu behar da.

Iraupen luzeko zaintzan gizonek duten inplikazioa ere ikertu izan duzu. Zer ondorioztatu duzu?

Oso inplikazio txikia dute, baina handitu beharko dute, nahitaez. Zaintza premiak areagotuko dira, mundu guztia izango da beharrezkoa, eta andreen jarrera asko aldatu da: jada ez daude prest bere gurasoez gain senarrarenak ere zaintzeko gizonek ardurarik hartu gabe. Baina bada salbuespen bat: uste baino gizon zaintzaile gehiago dago adinean aurrera egin ahala. Bikotean zahartzen direnean eta andreek hondatze kognitiboa pairatzen dutenean, senarrek zaindu behar izaten dituzte. Ez dute generoaren alderdia aldatuko, baina gustuko dut nabarmentzea figura hori badagoela, ikusezina den arren: ez zaintzeko hezi dituzten gizonek zaindu egiten dute, eta askok ondo, gainera; beraz, argi dago zaintza ez dela naturala, baizik eta ikasia.

Zaintzarekin lotutako enpleguetan zein da egoera?

Sektore femeninoa da, eta enpleguen %80 prekarizatuak dira; txarto ordainduta eta baloratuta daude. Egoera okerrenean daude etxeko langileak, nahiz eta sistemaren zutabe diren. Gehienak atzerritarrak dira: paperik ez izateak oso egoera zaurgarrian uzten ditu, eskubide gutxiagorekin. Sektore zatikatua da, baina azkenaldian gehien antolatu dena.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak behar baino gutxiago sustatzen dira?

Esponentzialki areagotu behar den zerbitzua da, nahi badugu jendea etxean geratu ahal izatea. Oraintxe bertan, guztiz murritza da, oso burokratizatuta dago eta ez da batere malgua; beraz, arazo gutxi konpontzen ditu. Udalen araberakoa da, baina mendekotasuneko bigarren graduarekin astean bi egunez ordubete egokitzea oso-oso gutxi da, eta horrek familiak behartzen ditu beste norbait kontratatzera. Bartzelonan saiatu dira zerbitzua auzoka antolatzen, sarri eraikin berean erabiltzaile asko daudelako, eta horrek bide eman du langileei lanaldi osoko kontratuak egiteko, lekualdatzeetarako denbora aurreztuta.

Espainiako Gobernuak sustatu nahi dituen zaintza politikak aztertu dituzu. Zer indargune eta zer ahulgune dituzte?

Norabide zuzenean doaz: etxeko arreta sustatzera, instituzionalizazioa murriztera eta zahar etxen tamaina txikitzera. Baina egoitzen eta etxeen erdibidea falta da, eta hori garatzeak mendekotasun legea aldatzea eskatzen du: etxeko arreta handitu nahi bada, udalek baliabideak behar dituzte, eta hori legez ezarri behar da, memoria ekonomiko batekin, bestela inplementazioak ez du zilegitasunik izango. Eredua aldatzea paperetik harago doa: betetzen ez diren lege asko ditugu, eta bete daitezen baliabideak jarri behar dira.

Zaintzak izaera politikoa behar duela esan duzu. Zer zentzutan?

Herritarren eskakizun izan behar du, borroka sindikalaz gain. Asko kostatzen da zaintza eskubide gisa ikustea, oso barneratua dugulako maitasunez edo obligazioz egin behar dugula; beraz, estatuari ez diogu eskatzen bermatzeko. Baina zaintzarik gabe ez dago bizitzarik: ezin zaio zaintzeari utzi; norbaitek egin behar du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. ©Monika del Valle / Foku

Adingabe baten heriotza ikertzen ari dira Santurtzin

Berria

15 urte zituen gazteak, eta litekeena da jasotako kolpeen ondorioz hil izana.

Zezenketen aurka egin duten agerraldia, gaur, Iruñean ©endika portillo/ foku

Iruñeko zezenketak behin betiko amaitzeko eskatu du ‘Zezenketarik ez!’ sareak

Irati Urdalleta Lete

Sanferminak «inor zapalduko ez duten jaiak» izan daitezela galdegin dute 56 taldek eta norbanakok. Agiri bateratu bat aurkeztu dute

Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...