Gizon bat atxilotu dute Donostian, bortxaketa egotzita

Erasoak salatzeko protestak izan dira Donostian eta Bilbon. Olivier Verdon Alaveseko jokalaria atxilotu dute, bikotekidea jotzea leporatuta

Protesta gisa, Bilboko udaletxeko zubia itxi zuten atzo. ERNAI BILBO.
Erredakzioa
Donostia
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, bortxaketa salaketa batengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, asteartean, 03:00etan, izan zen erasoa; ez du zehaztasun gehiago eman. Ertzaintzak jakinarazi duenez, gutxienez beste eraso bat ari da ikertzen, hori ere Donostian. Aste Nagusia ari dira ospatzen han. Herenegun, Piratek salatu zuten egun bakar batean 11 erasoren berri izan zutela. Horiek gaitzesteko eta horrelako jarrerak onartezinak direla salatzeko, udalak iragarri du iluntzeko ekitaldietan mezu bat zabalduko duela megafonia bidez.

Astearte iluntzean Gaztelubide elkarteak antolatutako Festara ekitaldian izandako liskarrei buruz ere mintzatu da udala; Ā«onartezintzatĀ» jo du gertatutakoa. Jende ugari bildu zen han, txistu eta zarata hotsak eginez, Eneko Goia alkatea han zegoelakoan; besteak beste, eskatu zuten ekitaldia bertan behera uzteko. Piratek halaxe egin zuten gau horretarako prestatua zuten egitarauarekin; aurretik manifestazio jendetsua antolatu zuten. Dena den, Piratek azpimarratu dute haiek ez dutela zerikusirik Gaztelubiden gertatu zenarekin.

Donostian ez ezik, Bilbon ere izan dira mobilizazioak. Gazte Sare Feministako kideek ohartarazi du hastear den Bilboko Aste Nagusian ez dutela sexu erasorik onartuko. Atzo, trafikoa eten zuten udaletxeko zubian. Adi erasotzaile! Nonahi gaude! zioen pankarta bat zabaldu zuten, eta bi emakume zintzilikatu egin ziren zubitik. Ertzaintzak hogei lagun inguru identifikatu zituen, eta desordena publikoa eragitea leporatu diete.

Bestalde, Olivier Verdon Alaveseko futbolaria atxilotu zuen Ertzaintzak herenegun, bikotekidea jotzea egotzita. Hotel batean bizi dira, eta hango langileek eman zuten abisua, emakumea iletik arrastaka zeramala ikusi zutenean korridoreetako kameretan. Epailearen aurretik pasatu zen atzo, eta aske utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.