Euskal presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa

Defentsaren milaka lekuko

Milaka herritar bildu dira Donostian abokatuen aurkako polizia operazioa salatzeko eta konponbidearen alde.Madrilen jarrerari erantzutera deitu dute: «Konpromisoen unea da»

Milaka lagunek egin zuten bat atzo Donostian Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea lelopean egindako manifestazioarekin. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Asteleheneko polizia operazioan atxilotutako euskal preso eta errepresaliatuen eskubideen alde lan egiten duten abokatu eta eragileek milaka herritarren babesa jaso zuten atzo Donostian eginiko manifestazioan. Babes handi horren lekuko zuzen izan ziren Guardia Zibilak atxilotu eta baldintzapean aske geratu diren hamabi abokatuak; han izan baitziren, herritarren artean. Martxan, halaber, gogoan izan zituzten operazio berean atxiki eta espetxeratu dituzten beste hiru lagunak, eta euskal preso guztiak, oro har. Izan ere, haien eskubideen aldeko manifestazioa izan zen atzokoa. Bilbokoaren ondoren, nazio osoko bigarrena da urtea hasi denetik.

Deitzaileek martxaren amaieran azpimarratu zutenez, asteleheneko sarekada presoen eskubideen kontrako beste eraso bat da, abokatuak atxilotuz, haien defentsarako eskubidea baldintzen dela uste baitute. Halaber, atxiloketekin presoekiko elkartasuna kriminalizatu nahi dela salatu zuten. «Espetxe politika zalantzan jartzen ari den unean iritsi dira atxiloketa hauek». Horren inguruan, euskal gizartearen gehiengoak oso bestela pentsatzen duela nabarmendu zuten, eta atzoko manifestazioa jarri zuten adibide moduan. «Presoei ezartzen zizkien salbuespen neurriek gero eta zilegitasun gutxiago dute euskal gizartean».

Saioa Iraola Bilgune Feministakoak eta Ana Perez EILAS sindikatukoak irakurri zuten agiria, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren, 28 eragileren izenean: besteak beste, ELA eta LAB sindikatuak, Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba alderdi politikoak, eta Lokarri eta Etxerat giza eskubideen aldeko taldeak. Azken operazioa salatu zuten Iraolak eta Perezek. Bake, askatasun eta demokraziaren aurkako eraso zuzenaizan dela salatu zuten, eta Espainiako Gobernua egin zuten horren erantzule. «Beste edozein interes jartzen du aurretik, oinarrizko eskubideak eta bermeak babestea baino». Zurrunbilo horretatik ateratzeko unea dela azpimarratu zuten, eta konpromisoak hartzera deitu zuten, euskal eragileak bereziki. «Denak ez du balio, eta konponbidea ezin da agintari arduragabe batzuen esku utzi».

Babes «indartsua»

Aurretik, manifestazioak arazorik gabe egin zuen aurrera: presoak Euskal Herriratzeko oihuakizan ziren nagusi, eta amnistiaren aldekoak ere entzun ziren. Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea leloa zuen pankartaren atzean, 17:00etan, milaka lagun bildu ziren, eta hogei minutu geroago abiatu ziren Antigua auzoko tuneletik. Hastear zirela, beste pankarta bat zabaldu zutenzubiaren gainean: Gazteok xake mate Espainiako estatuari. Txalo artean hartu zuten keinua azpian zeudenek.

Manifestariek ordu eta erdi behar izan zuten Antiguatik Bulebarrerako bidea egiteko. Aurreneko lerroetan martxara deitu zuten taldeetako ordezkariak joan ziren: besteak beste, Sortuko Rufi Etxeberria, Pernando Barrena eta Hasier Arraiz; EAko Pelllo Urizar; LABeko Ainhoa Etxaide; ELAko Adolfo Muñoz; Sareko Joseba Azkarraga eta Teresa Toda; eta Etxerat-eko Maider Alustiza. Han ziren Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre ere. Haien artean, eta jendetzaren erdian, asteon atxilotutako abokatuak, eta, haiei elkartasuna adieraziz, lankide batzuk: Iñigo Iruin, Iñaki Goioaga eta Miguel Castells, besteak beste.

Denetariko ikurrak

Antiguatik jende asko abiatu bazen ere, manifestazioak aurrera egin ahala joan ziren batzen beste ehunka herritar. Kontxako pasealekuko espaloiak jendez gainezka zeuden, eta txalo artean hartu zuten manifestazioaren burua. Pankartarekin batera, hamar metro atzerago, mural bat eraman zuten, euskal preso baten begietan kalean diren lagunen babesa eta elkartasuna irudikatzen duena. Bandera batzukere izan ziren: euskal presoak Euskal Herriratzearen aldekoak, bereziki, baina baita ere ikurrinak, Nafarroakoak, Saharakoak...

Martxan, dirua biltzen aritu ziren boluntario batzuk. Deitzaileek jakinarazi zutenez, atzo jasotakoa Sare herri plataformari emango diote, aurreko larunbatean Bilbon eginiko manifestazioaren gastuei aurre egiteko. Izan ere, asteleheneko operazioan Guardia Zibilak konfiskatu egin zuen diru hori -90.000 euro inguru, Espainiako Barne Ministerioak zabaldu zutenez-.

Manifestazio amaierako ekitaldia Bulebarrean egin zuten, eta han irakurri zuten mezua, horretarako jarritako taula baten gainean. Aurretik, Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek bertso bana bota zuten. Errima artean, presoen eskubideen alde sortu den indarra galtzen ez uzteko eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.