mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Afganistan ziklikoa

2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Antzinaroko zibilizazioek denboraren igatea, historia bera, ziklikoki ulertzen zuten, naturan errepikatzen diren zikloen eredura —urtaroena, errate baterako—. Ez zen zehazki ekintzak errepikatu egiten zirela, baizik prozesu edo testuinguru antzekoak joan eta etorri egiten zirela.

Afganistani aplika dakioke historia ziklikoaren kontzeptua. Ez dira gertakariak errepikatzen, eragileak ere aldatzen dira, baina antzeko prozesua gertatzen da: kanpoko potentzia bat sartu, gerra krudel, odoltsu eta luzea piztu, kanpoko potentzia joan, eta urte batzuen buruan, hurrengo kanpoko potentzia etorri, eta berriz gerra ziklo bat hasi. Kontu zaharrak dira gaur egun Afganistan deitzen den eremua inperio handien menpean egon zirenekoak: Alexandro Handia, mongolak, persiarrak... Britainiarrek hasi zuten porrot egindako inbasioen ziklo garaikidea, XIX. mendean, eta, dirudienez, potentzia militar bakar batek ere ez du irakaspenik atera aitzinekoak egindakotik.

Sobietarrek hamarkada oso bat egin zuten Afganistanen, estatu sozialista bati nola hala eutsi nahian, baina armada odolustuta alde egin behar izan zuten. AEBek denbora bikoitza igaro dute, eta alde eginen dute deuseztatu nahi zuten etsaia herrialdearen zati gehiena berreskuratzeko ekinaldi betean dela. Afganistango historia ziklikoak harrapatu duen azken inperioa, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.