Jaurlaritzak «kalitatezko» 80.000 lanpostu sustatu nahi ditu hiru urtean

2.071 milioi euro jarriko ditu 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoan. Mendiak «talentuari eutsi» nahi dio, «lehiakortasuna bermatzeko»

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Datozen hiru urteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 80.000 lanpostu sortzeko helburua jarri du Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, 2.071 milioi euro baliatuko ditu 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoaren bidez. Aurten, 463 milioi gauzatuko ditu. Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak onartutako planaren helburua ez da soilik enplegu gehiago sortzea; enplegu horiek «kalitatezkoak» izatea ere bultzatu nahi du: horrekin lotua, murriztu egin nahi dituzte behin-behinekotasuna, partzialtasuna, soldata arrakala eta lan istripuak.

Mendiak azaldu duenez, COVID-19aren ostean, «enpleguaren susperraldi bizia» espero dute; hala ere, aitortu du Ukrainako gerrak eragina izango duela aurreikuspen horietan. Haren arabera, osasun krisiaren testuinguruan, «euskal ekonomiak enpleguari eusteko gaitasun handia erakutsi du». «Arrakastaz atera gara, erakundeen eta eragileen elkarlanari esker». Azpimarratu du aurrera begira erronka nagusia langabezia murriztea eta enpresen «lehiakortasunari eustea» izango direla. «Epe ertainean, arrisku nagusia talentua aprobetxatzen ez jakitea izango da, eta gure enpresek lehiakortasuna galtzea datozen erronkei aurre egin ezin dietelako. Horrek lan baldintzak hobetzeko aukera galtzea ekar dezake».

Hauek dira planaren asmo nagusiak: 80.000 enplegu sortzearekin batera; 23.000 enpresari laguntzea; 48.000 profesionalen lan kualifikazioak hobetzea; 20.000 gazteri lan aukerak eskaintzea; 5.000 profesional zaintza sektorerako gaitzea; eta 16.000 pertsona gaitasun digitaletan trebatzea. Horrekin guztiarekin, langabezia tasa %10etik behera mantentzeko asmoa dute (2021 amaieran %8,4koa zen).

Lanpostu berrietan, behin-behinekotasun tasa murriztea izango da helburu nagusietako bat, lan erreformak ireki duen bidea baliatuta: 2020an, lan merkatu orokorrean, %29,4 zen behin-behinekotasuna, eta hori %20ra gutxitu nahi dute; sektore publikoan, %38,2tik %30era jaitsi nahi dute. Lanaldi partzialak, berriz, %10etik behera eraman nahi dituzte (2020an, %16,1 ziren); lan istripuak %10 murriztu nahi dituzte; eta itun kolektiboko langileen kopurua handitu nahi dute, %56,8tik %65era.

Berdintasunaren alorrean,gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala %19,5etik %10era jaitsi nahi dute, emakumeen behin-behinekotasun tasa %33,8tik %25era murriztu,eta partzialtasuna %26,4tik %17ra jaitsi. Gazteen kasuan, langabezia tasa %15ean kokatzeko helburua ezarri du Jaurlaritzak, hau da, 2020an baino 10 puntu beherago. Eta luzaroko langabeziaren tasa ia erdira jaisteko erronka dute, %4,8tik %2,5era, formakuntza programen bitartez.

2024ra arte 2.071 milioiko aurrekontua izango du planak, baina handitzeko aukera dago, kuantifikatu eta adjudikatu gabe dauden Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsetatik irits daitekeen dirua sartzea espero baita.

CCOOrentzat, «eskasa» da

CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak esan du plana «asmo gutxikoa» dela; uste du Mendia mugatu egin dela Jaurlaritzako sailek eta beste euskal erakundeek hartu dituzten neurriak «batzera». Aurkeztutako planaren inguruan, negoziaziorik ez dela egon salatu du, eta elkarrizketa sozialeko mahaian aurkezpen bakarra egin duela. Garciak azpimarratu du ez dituela baliatu lan erreformak eta negoziazio kolektiboak eskaintzen dituzten tresna guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.