DIRUAREN LOKARRIAK

Afrika mendebaldean CFA frankoa 'eko' izeneko diru berri batekin ordezkatzeko akordioaren berri eman zuten abenduan Alassane Outtarra Boli Kostako presidenteak eta Emmanuel Macronek. Aldaketa sakonak dira, haien bultzatzaileen ustez; sinbolikoak, Frantziaren jokaera «neokolonialista» kritikatzen duten afrikarrentzat.
Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko urtarrilak 19

«Akats larria, hutsegite sakona» izan zen, Emmanuel Macronen ustez, Frantziaren Afrikako kolonialismoa. «Frantziari buruzko Afrikako kritika eta eztabaida ugari kristalizatzen ditu CFA frankoak. Entzun ditut kritikak, ikusi dut zuen gazteriak kritikatzen gaituela, haientzat postkoloniala den harremanarekin jarraitzeagatik. Orduan, hauts ditzagun lokarriak».

Frantziako Errepublikako presidenteak adierazpen horiek egin zituen egun eta toki berean, abenduaren 21ean Abidjanen (Boli Kosta), Alassane Ouattara Boli Kostako presidenteak —eta UEMOA Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko presidenteak— iragarri zuen 2020. urte honetan Mendebaldeko Afrikan diru berri batek ordezkatuko duela CFA frankoa.

Hortaz, aldatzera doa kolonialismotik neokolonialismorako jauzian Afrikan ia bere hartan mantendu den sinboloetako bat. Hiru izango dira aldaketa nagusiak: CFA frankoak izen berria izango du; Eko izena jarri nahi diote diru berriari. Sorreran, CFA inizialek Colonies françaises d'Afrique esan nahi zuten, eta deskolonizazioarekin inizialei eutsi zieten, Communauté financière Africaine esateko.

Beste bi aldaketarekin, printzipioz, murriztu egingo da diruak Frantziarekiko duen lotura: batetik, zortzi herrialdeak ez dira egongo behartuta beren erreserben %50 Frantziako Bankuan izatera; eta Frantziak ez du ordezkari ofizial betodunik izango BCEAO Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Banku Zentralean.

Baina lokarri guztiak ez dira hautsiko, inondik ere. Diru harreman berrituan, CFA frankoak euroarekiko bere truke finkoari eutsiko dio, eta Frantziak bere bermatzaile rolarekin jarraituko du.

Trikimailua

Hori ikusita, bada uste duenik Macronek eta Outtarak aurkeztutako erreformak prestidigitazio trikimailu bat besterik ez direla, eta herrialde afrikarren Frantziarekiko mendekotasun harremanak hor jarraituko duela oraindik. Hori pentsatzen du, adibidez, Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Banku Zentraleko gobernadore ohi Philippe Henri Dacoury-Tableyk.

Dena aldatu ezer ez aldatzeko. Kezka bera du Ndongo Samba Sylla ekonomistak, zeinak Fanny Pigeaudekin batera idatzi duen L'arme invisible de la Françafrique, une histoire du franc CFA (2018) liburua. Ekonomista senegaldarrak Jacobin aldizkarian hilabete honetan argitaratuko artikuluan azaltzen duen moduan, erreforma sinbolikoek ez dute zertan aldaketa nabarmenik ekarri BCEAOren diru eta truke politikan.

«Aitzitik, CFA frankoa bere sinbolismo kolonialenetatik libratzeko logikan daude. Frantziar ordezkaritza BCEAOko organoetan, afrikar gordailuak Frantziako Altxorrean, eta franko franc izena bera —hala nola CFA franko billete eta txanponak Frantzian irartzea—, sinbolo gehiegi dira mugimendu panafrikarrak eta Afrikako iritzi publikoak orokorrean gogor gaitzetsiak».

Prestidigitazio trikimailu horren adierazle litzateke, Syllaren ustez, Frantziak BCEAOn ez izatea ordezkari ofizialik, eta haren tokian, ordezkari independente bat egotea, nork eta Frantziak izendatutakoa. Ordezkari independente hori banku zentralaren gordailuen eguneroko kudeaketaren kontrolean egongo da. Funtsean, iragarritako erreformak, Syllaren arabera, CFA frankoaren sistemaren lau zutarrietako bakarra aldatuko du egiaz, erreserben kontrol zentralizatua.

CFA sistema nora joan daitekeen ikusteko, komeni nondik datorren ikustea. Frantziar kolonialismoa indar betean zegoen oraindik II. Mundu Gerra amaitu zenean. Gerra osteko metropoliaren egoerak eta Bretton Woodsera egokitu beharrak (AEBetako dolarrarekiko truke finkora), liberaren debaluazio handi bat behartu zuen. Debaluazio hori kolonia guztietara ez zabaltzea erabaki zuen Parisek. Eta, hala, CFA frankoa sortu zen 1945eko abenduaren 26an.

Ofizialki, Afrikako koloniei debaluazio handia saihestea zen diru berriaren helburu nagusia. Baina diru berriaren truke balioa ikusgarria zen. Truke tasa finkoa zuen liberarekin: 1 CAF franko 1,7 libera ziren. Hiru urtera balio are handiagoa hartu zuen CFA frankoak, bi liberakoa, eta, praktikoki —balio errealean—, horrela iraun zuen 1994. urteko debaluaziora arte —zeinak, Frantziak alde bakarrez behartua, diruaren balioa erdira jaitsi zuen—.

Ndongo Samba Syllak azaldu moduan, horrek ondorio zuzenak izan zituen CFA frankoaren eremuko herrialdeentzat, bai Frantziaren kolonia zirenean, bai ofizialki kolonia izateari utzi ziotenean ere. Lehengaiak esportatu eta beste guztia inportatzen zuten herrialde horietan, diruaren gehiegizko balioak, hain zuzen, barne kontsumoa moteldu izan du, eta esportazioen lehiakortasunari kalte egin die. Metropoliarentzat, berriz, abantaila agerikoa zen; Frantziako konpainiek diru propioarekin, merkatuko prezioaren azpitik, eskuratzen zituen kolonietako lehengaiak.

Truke finkoak badu beste ondorio bat ere. Frantziak, Frantzian pentsatuz, liberarentzat —eta gero euroguneak euroarentzat— hartutako erabakiek zeharkako eragina zuten Afrikako herrialde haietan, eta beti ez zen mesederako.

Lotura estuak

Deskolonizazioa Afrikara iritsi zenean, beste potentzien pean egondako eremuetan diru propioak agertu ziren, baina Frantziarekiko loturak hor jarraitu zuen Saharaz hegoaldeko hainbat herrialderentzat. Finean, independentzia aitortuko bazien, Frantziak elkarlanerako akordioak sinatzea jarri zien baldintza bere koloniei. Eta akordio horien arabera, besteak beste, herrialdeek CFA frankoari eutsi behar zioten.

Hori guztia, Parisen arabera, herrialde horien mesedetan zen; inflazio eta debaluazio zakarrak eragozteko egonkortasuna eskaintzen zien Frantziak. Truke tasa finkoarekin adierazitako bermea zen, azken buruan Frantziako Altxorrak behar adina frantziar franko mailegatuko zizkiela bi banku zentralei, haiek atzerriko erreserba nahikorik gabe gelditzen baziren. CFA frankoaren historia guztian ez da halako erreskate baten beharrik izan. 1994ko debaluazioan Nazioarteko Diru Funtsak eman zuen laguntza, eta Frantziak soilik zorraren zati bat barkatu zien herrialdeei.

Frantziaren bermeak, hori bai, kontraprestazioa zuen: Frantziako Altxorraren kontrola. CFA frankoaren eremuko herrialdeek euren atzerriko diruen erreserbak Frantziako Altxorrean gorde behar zituzten. Hasieran erreserba guztiak ziren, 1973tik aurrera %65 eta 2005etik gaurdaino erreserben %50. Trukean, %0,75eko interes eskasa jaso dute.

Baldintza hori desagertu egingo da orain. Frantziaren bermeak jarraitu egingo omen du, hori bai, Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroaren arabera, «beste aukerarik ez dagoenean soilik erabiltzeko». Historian zehar, dena den, Frantziaren eta haren kolonia ohien arteko lokarriak gehiagotan erabili izan dira aberastasunak lotzeko salbamendurako baino.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko Erruki Etxea Nafarroako zahar etxe handiena da eta han pandemiak eragin handia izan du ©Iñigo Uriz

Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean

Berria

Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.

Familia batzuk kanpoaldetik egoiliarrak bisitatzen, Mutiloako zahar etxe batean. ©Jagoba Manterola, FOKU

Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Protokolo berria indarrean, zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, “ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa” hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.

Arrauntzeko eskola. Artxiboko irudia. ©Bob Edme

Miarritzeko Andre Maria eskola hetsi dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Irakasle batek positibo eman du PCR proban. Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du eskola hestea.

Boris Johnson, rresuma Batuko lehen ministroa, gobernu bilera baino lehen./ ©Neil Hall, EFE

Londresek murrizketa gehiago iragarriko ditu kutsatzeak eragozteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Aurreratu dituzten neurrien artean dago tabernak lehenago ixtea eta telelana sustatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna