mikel p ansa
HIZPIDEAK

Berriro hasten

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Alemaniako justiziak agindu zuenean Carles Puigdemonten aurkako euroagindua ezingo zela erabili matxinadagatik, lauso geratu ziren Pedro Sanchezen adierazpenak: «Inportanteena Espainian epaitzea da». Ematen zuen, argi ez bazegoen ere, Sanchezek nahi zuela Puigdemont estraditatzea edozein modutan, nahiz eta matxinadagatik ez izan, nahiz eta horrek independentista katalanen kontrako auzibidea hankaz gora jarri. Bi aste pasatu diren honetan, hobeto ulertzen dira Espainiako presidentearen hitzak: Puigdemont itzuli da Belgikara, Errepublikaren Etxea martxan jarri da berriz, tiradera batean ahaztuta zegoen bi gobernuen ideia —erbestekoa eta ofiziala— berreskuratu dute, eta ultimatum gisako bat eman: Quim Torrak eta Puigdemontek berak ohartarazi dute agintaldi hau autodeterminazioarena izango dela eta Kataluniak ez diola aldebakarreko bideari uko egingo, eta Sanchezi abisua bidali diote, deferentziaz utzitako epea bukatzen ari zaiola, proposamenak egiten hasteko garaia duela. Puigdemontek, gainera, martxan jarri du bere proiektu politikoa, Crida Nacional. Erbestean, bai, baina ekimen politikoari eusteko borondatea agertu du Puigdemontek, eta, une honetan, seguru asko, Kataluniaren noraezean lema hartzeko gaitasuna duen politikari bakanetakoa da. Nora joateko, ikusiko da. Zenbatez hobe litzaiokeen Sanchezi, Puigdemont edozein modutan Espainiaratu balute. Proposamenak egitera behartuko dute katalanek, eta Sanchezek asmoa zuen agintaldia asko hitz eginez eta ezer egin gabe bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.