inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Kolpeak ikurrinari

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiaren lau urtekoa parentesi bat besterik ez dela izan erakutsi du Navarra Sumak eduki duen lehen aukeran. Ez du alferrik galdu txupinazoaren aukera udaltzainez betetzeko EH Bildu eta Geroa Baiko zinegotziak azaldu behar ziren udaletxeko balkoia. Han, bultzaka hartu dituzte, zabaldu asmo zuten ikurrina balkoian ez zabaltzeko. Istiluen ostean, Enrique Maia alkateak ohartarazi du «ernegua» sortzen duena ez dela ikurrinak kentzea, baizik eta ikurrinak ikustea.

Aitorpen zintzoa berea. Badaki milaka iruindarren ikurra dela, baina bera «ernegatu» egiten da ikuste hutsarekin. Hainbeste, ezen ez zaio axola bere udal bereko zinegotziengana udaltzainak bidaltzea jotzeko aginduarekin. Gogoeta egiteko modukoa bai, behintzat, haren elkarbizitza erakustaldia. Kontuan edukita, gainera, PSNko zinegotzi buru Maite Esporrinen baimenari esker dagoela Maia alkatetzan, eta PSNk akordiorako oinarria egin berri duela Nafarroako Gobernurako, ikurrina ateratzen saiatzeagatik kolpeak jasan dituzten Geroa Baiko ordezkariekin.

Maiak, ordea, ezin izan du galarazi udaletxe plazan ikurrin erraldoi bat agertzea. Eta horrek zapuztuko zion, segur aski, jai hasiera. Baina, gustatu edo ez, badaki gobernatzen duen hiriko plazan, borra, kolpe eta mehatxuen gainetik, beti azaldu izan dela ikurrina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.