jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Errieta

2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bi errieta hiru egunean. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako jarduneko Osasun sailburuarena, ostegunean; Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariarena, atzo. Errieta egin diete, herritarrei. Murgak esan zien ez dela posible normaltasun berria, eta harremanak ahalik eta gehien mugatu behar direla.

Urkulluk jarrera arduragabea izatea eta agintariek esanak aintzat ez hartzea leporatu die herritarrei. Bai. Facebooken eta gaztelania hutsean. «Eta, hala ere, pertzepzio orokortua da badirudiela martxoaren 13ra arte bizi ginen moduan bizi gaitezkeela; 'pandemiaren arriskua ez dela gure kontua'; eta, gainera, uste dugu, azken batean, PCR probak egitea nahikoa dela!». Harridura marka eta guzti.

Harridura, herritarrena. Orain errieta egiten dieten horiexen ardura baita egoera kudeatzea, eta orain errieta egiten dieten horiexek, besteak beste, esan baitiete lantokiak eta hondartzak seguruak direla; tabernak, jatetxeak eta terrazak betetzeko ahaleginak egin baitituzte; sekulako presa izan baitute, esaterako, Kantabriara joateko mugak kentzeko —propaganda ekitaldi surrealista eta guzti—; eta pandemia betean hauteskundeak antolatu baitituzte.

Eta kezkagarria da egoeraren kudeaketaren ardura dutenek errieta aukeratzea herritarrei mintzatzeko. Beraiek ongi eta herritarrak gaizki egiten ari direla esateko. Eta, ohi bezala, autokritikarik ez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.