HIZPIDEAK

Orain

Iñaki Petxarroman -

2019ko urtarrilak 13
Dozenaka mila lagunek elkartasunez eta aldarrikapenez bete dituzte Baionako eta Bilboko kaleak. Presoekiko elkartasunez eta, zer esanik ez, haien senideekiko elkartasunez. Izan ere, urtea joan, urtea etorri, antzera jarraitzen du gatibuen egoerak. Ezin da ukatu iaz mugimendu batzuk izan direla. Frantziak dozenaka preso gerturatu ditu Lannemezango eta Mont-de-Marsango espetxeetara, eta Espainiako Gobernuak hitzemandako hurbiltzeetako batzuk egin ditu, 11 preso hurreratu baititu, tantaka bada tantaka.

Urteak pasatzen ari dira, baina. Eta egoera lazten, urteen poderioz. Heldu den astean dozenaka mila kilometro egingo dituzte berriz ere senide eta lagunek presoengana joateko. Berdin ume, heldu edo zahar; osasunez ongi edo pattal izan; bidean elurra, euria edo izotza topatu... Eta premiazkoak dira mugimendu azkarragoak eragile guztien aldetik. Presoen arazoa ez baita haien senideena edo gertuen daukaten sektore politikoarena bakarrik. Gaixo dauden presoak, adinekoak, etxetik ehunka kilometrora daudenak, bakartuta eta lehen graduan direnak... Iraganeko salbuespen politiken biktima dira presoak. Giza eskubideak urratzen ari dira, eta ez da aski estatuek daramaten erritmoa. Ezta alderdiek —Ipar Euskal Herrikoek salbu— agendan eman dioten bigarren mailako tokia ere. Mugimendu gehiago eta sendoagoak behar dira. Berandu baino lehen. 2020ko manifestazioa baino lehen. Orain.