mikel p ansa
HIZPIDEAK

Etxekoak

2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bi argazki, eta detaile txiki bat. Aurreneko argazkia: Donald Trump, Miarritzera ekarri behar zuen hegazkinean sartu baino ordu gutxi batzuk lehenago, kazetariei zera esaten: Frantziak teknologia konpainiei zergak jartzen badizkie berak Frantziako ardoei jarriko dizkiela muga zergak. Bigarren argazkia: Emmanuel Macron, handik ordu batzuetara, Miarritzeko Irati aretoan, kopa bat ardo irensten. Trumpen mehatxuei emandako erantzun subliminal bat. Eta detaile txiki bat orain: Trumpek baditu bere ardo upategiak. 2011n erosi zituen, eta Trump Winery izen originalarekin bataiatu zituen ostera. Semeetako batek darama negozioa 2012az geroztik. Frantziako ardoei zergak eransteak, dudarik gabe, mesedea egingo lieke Trumpen familiaren upategiei.

Detaile txiki eta argazki solte horiek lagun al dezakete anekdota hutsetik haragoko interpretaziorik egiten? Beharbada bai. Pentsa liteke kapitalismoa sistema oso baten gisa funtzionatzen aritu izan dela orain ez asko arte. Lehian oinarritu izan bada ere, kooperazio eremu asko izan ditu —batzuk publikoak, G7a bezalakoak; beste batzuk legez kontrakoak, karteletan gertatu den bezala—. Baina itxura du kapitalismoaren adar batzuek bukatutzat eman dutela joko hori: etxekoentzat soilik nahi dituzte irabaziak. Beharbada sentitzen ari direlako denek irabazteko aukerak bukatzen ari direla. G7koek nahikoa lan izango dute ustez adiskide dituztenak gozatzen: kapitalismoari etxean bertan sortu zaizkio etsaiak.

Eta Trumpi berdin zaio ardoaren gerra bat hastea: Coca Cola Zerorekin aski du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.