Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Loditasun osasuntsuen aldarria

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Nerabe bat kexuka ari zaio amari, esanez ez zaizkiola ipurditik kabitzen begietatik sartzen zaizkion jantziak. Nazkatuta dago edertasunarekin lotzen dituzten neurri eskasak berarentzat ez direla ikusteaz, eta neurri txikietatik kanpo janzten direnen gorputzak ez direla onartzen konturatzeaz. Zaila egiten zaio ederra dela ikustea, besteen begietatik egiten baitio so bere gorputzari.

Hanka zuztarrik gabe jaio direnen patua izaten da horixe umetatik. Zama bihurtzen da bizi osoan. Lodia denak kalean ogitarteko bat jaten badu, mespretxuzko begiradak jasan behar izaten ditu, eta argaldu behar duela entzun, behin eta berriz. Baina argaltzea ez da beti osasuntsua; dietak ez dira onak depresioarentzat, eta gutxiespena baino gaixotasun okerragorik ez dago.

Patriarkatuaren argalkeria eta lodifobia moralitatez janzten denean, osasuna hartzen du ikurtzat, edertasuna jopuntuan. Baina nahikoa kaka jan dutela-eta gehiagorik kabitzen ez zaielako atera dira kalera Gasteizen, irainen kontra egitera, espazio ezberdinetan egoteko ezintasuna salatzera, eta bakoitza den bezalakoa izateko eskubidea aldarrikatzera, ez baitago gauza ederragorik nork bere izatea eta gorputza harrotasunez bizitzea baino.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.