mikel p ansa
HIZPIDEAK

Botoen habia

2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Ez dute alde handirik Iruñean UPNk eta Gasteizen EAJk jarritako debekuek. Festen hasierako ekitaldietan, plazara plastikoak, baloiak, globoak eta horrelakoak sartzea debekatu dute batak zein besteak: Enrique Maiak sanferminetan, Gorka Urtaranek Zeledonen jaitsieran. Arrazoia —arrazoi publikatua bederen— bera izan da: segurtasuna. Gasteizko Udalaren ordenantzan, propio aipatzen dira «kanpaina aldarrikatzaileekin edo publizitarioekin» zerikusia duten euskarriak. Ekitaldi handietara fatxadak dituzten etxeen jabe zein maizterrak ere erantzule egin ditu, fatxada horietan ager litezkeenengatik. Zehaztapen horietan dago publikatu gabeko arrazoia igartzeko mutur bat. Urtaranek lehenago ere egin izan du pankarten kuxidadearen kontra: 2015eko maiatzaren 18an, herri harresiaren egunean, Twitterren idatzi zuen: «Vitoria-Gasteiz ezin da pankarta, gatazka eta borrokaren hiria bilakatu. Bakea eta normalizazioa behar dugu».

Iruñeko debekuak sortu zuen polemika izpi bat, plazan ikurrinik ez agertzeko asmoarekin lotu baitzen alkatearen intentzioa, Maiak ukatu zuen arren. Gasteizkoa ia oharkabean pasatu da. Gaur ikusiko da debekuak zenbateko indarra duen, baina efikaza suertatu ala ez, Urtaranek ongi erakutsi du zein den bere asmo politikoa eta nori ari zaion keinuka. 2015ean, EAJren Gasteizko inoizko emaitza txarrenak atera zituen; aurten, ia-ia berdindu egin ditu Cuerdaren 1995eko botoak. Badaki non daukan botoen habia: pankarten zikinkeria maite ez duten horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.