mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Etxebizitzaren deserria

2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Etxebizitza espekulazioaren arazoa gero eta kezka handiagoa sortzen ari da Ipar Euskal Herrian, arazoa gero eta handiagoa den seinale. Badira hamarkada batzuk herritarrak, kolektiboetan antolatuta, irtenbide bat eskatzeko protestak eta ekintzak egiten hasi zirela, eta sail horren azkena izan da atzo Maulen Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak deituta egin zutena. Arazoa ez dela Lapurdiko kostara mugatzen ohartarazi du XEKK-ek: «Ez dugu onartzen Zuberoa urtean zehar bigarren etxebizitza hutsez betea izanen den lurraldea izatea».

Are gehiago, gazteen emantzipazioa eta langile klaseko jendeak etxebizitza bat eskuratzea arruntean zailtzen dituen praktika espekulatiboa ez da Ipar Euskal Herrian bakarrik egiten den zerbait. Errate baterako, mugaz hegoaldera Donostiakoa da eredu gogorrenetako bat, eta Baztanen ere mobilizazioak badira aspaldian, udalerriari eman zaion estereotipo bukolikoa bere arrasto txarra uzten ari baita —bi kasu aipatzeagatik—.

Etxebizitza ezin lortzeak norbere sorterritik joatea ekartzen du, eta etxebizitzak eragindako deserriratze horien kasuan, hizkuntza eta kultura minorizatuak dituzten lurraldeek zigor gehigarri bat sufritzen dute. Euskal Herrian ez ezik, hortaz jakitun dira Korsikan ere bai, errate baterako. Eta gaia nola tratatzen duten ikusita, baita Parisko botere guneetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.