mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Irlako kaosa

2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ailegatu zen Homer Simpson Ozeano Bareko irla batera. Hango indigenen artean aspertuta, kasino bat eraikiko ziela erabaki zuen, dibertimendua zer den ezagutu zezaten, eta eraman zizkien alkohola, jokoa, jaki goxoak eta, azken finean, mugarik gabeko besta gordina. Indigenak seko erotu ziren Homerrek ekarritako gutizia haiekin, eta uharte lasaia zena kaosean murgildu zen. Eragin zuenarekin deseroso, Homerrek erabaki zuen eliza bat eraiki behar zuela. Indigenek, harrituta, galdetu zioten zer dela-eta ari zen hori egiten. «Bekatariak zaretelako», erantzun zien. «Noiztik?», galdetu zioten indigenek. «Ni ailegatu nintzenetik».

Euskal herritar anitzi kontsumorako, turismoa egiteko eta botoa emateko egoera segurua zela erran zitzaien uda hasieran, baina, ondotik, errietak aditu behar izan dituzte. «Noiztik bihurtu gara bekatari?». Inork ez du erantzun.

Egoera ezezagun bat sortu du pandemiak, eta ardura politikoa dutenek horren aitzinean erabakiak hartzea bertze erremediorik ez dute izan. Baina kontraerranezko mezu gehiegi eman dituzte, eta gardentasun gutxiko erabaki gehiegi hartu —edo hartu gabe utzi—, ondoren egoeraren erantzukizun osoa norbanakoaren bizkar utzi nahi izateko, autokritikarik egin gabe. Anabasa horretatik elikatu eta puztu dira, bertzeak bertze, bazterrekoak ziruditen pentsamolde konspiratibo eta negazionistak. Falta zen osagaia irlako kaosari gehitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.