inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Blanco: 25 urte

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Badira arrasto sakona uzten duten gertaerak, historian hizki larriz idatzita geratzen direnak. Une horietan, era batera edo bestera, edonor sentitzen da historiako protagonista, aktiboagoa edo pasiboagoa. Horregatik, gogoan izaten da norbera non eta zertan ari zen. Hala gertatzen da, esate baterako, New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoarekin eta Burgosko Prozesuaren osteko fusilatzeekin.

Aparteko gertaera horietako bat da Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren hilketa. ETAk, hura bahitu, eta 48 orduko epea eman zuen euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko. Gobernuak ez zuen behatzik mugitu, baina kaleak ez ziren sutu Madrilen aurka, ezker abertzalearen aurka baizik. Haserre horren sugarretan, euskal abertzaletasunaren aurkako azken hamarkadetako oldarraldirik bortitzenetako bat heldu zen.

Euskal presoen sakabanaketa eta salbuespen egoera ez ziren hobetu. Eta beste koxka bat egin zuen gora konfrontazio armatuaren espiralak. Aste honetan onartu du Timochenkok FARCen bahiketek familia askori egindako nahigabea. Euskal Herrian ere egin izan ditu antzeko keinuak ezker abertzaleak. «Beranduegi», esango dute askok. Baina zauri sakonak ondo orbaintzeko beharrezkoak dira keinu horiek, zintzotasunez adierazten badira. Hori bai, politikoki eraginkorrak izateko, komeni da alde guztiek egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.