mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Shirrefen bide orria

2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Richard Shirref Erresuma Batuko armadako jenerala NATOren Europako indarren buruzagiordea izan zen 2011 eta 2014 artean. Erretiroa hartu ondoren, liburu bat idatzi zuen NATOren eta Errusiaren artean gerra sortzeko arriskuari eta gerra hipotetiko bati buruz. Haren tesia zen aliantza militarra ez zegoela gerra horretarako prestatuta.

Errusiak Ukraina inbaditu eta astebetera, Alemaniako Deutsche Welle nazioarteko kateak elkarrizketa bat egin zion Shirrefi, eta galdetu zion zer dela-eta izanen litzatekeen zaila NATOrentzat Errusiari gerra bat irabaztea. «Funtsezko arrazoia da gure lider politikoak ez direla prestatu defentsan behar bezala inbertitzeko —bereziki Europan, Amerikan ezberdina dela erranen nuke; Kanada europarren zakuan sartuko nuke—. Nahiago izan dute Gizarte Segurantzan eta hezkuntzan inbertitu, horrek eramaten baititu [hauteskundeetan] hautatuak izatera. Defentsa ez da inoiz hauteskundeetako kontu bat izan azken hiru hamarkadetan».

NATOren goi bilera bukatu berri da Madrilen, eta Shirrefen bide orria betetzeko konpromisoa hartu dute 30 estatuek: gastu militarra gutxienez BPGaren %2 izatea. Gaur egun, bederatzik betetzen dute baldintza hori. Toki batean paratzen dena bertze nonbaitetik kendu ohi denez, gerra giroan ezin da deus onik espero ongizate estatuarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.