mikel p ansa
HIZPIDEAK

Aldatu ezinak

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Sarritan esana da ETAri asko kosta zitzaiola bukatzea, baina gutxitan gogoratzen da beste erakunde batzuei oraindik eta gehiago kostatzen ari zaiela egoera berrira egokitzea, eta beste batzuek, are, ez dutela aldatzeko inolako imintziorik egin. Zazpi urte dira ertzain batzuek, gomazko pilotekin oldartuta, Iñigo Cabacas hil zutela. Atzo oroitu zuten senideek, eta errepikatu zuten justizia eske jarraitzen dutela, eta haien ustez hilketa haren ardura izan zutenak, alegia oldartzeko agindua eman zutenak, ez dituztela auzipetuen aulkian eserarazi.

Urte guztiotan, Eusko Legebiltzarrak ez ditu debekatu gomazko pilotak. Bi alditan aztertu du eskari hori; lehenean, 2012an, atzera bota zuten; bigarrenean, 2015ean, moldatu egin zuen, gomazko pilotak «baztertu, murriztu eta ordeztu» behar zirela adierazteko. Eta, zerbitzu publikoaren ideiaren gainetik, beti korporatibismoaren inertziak indarrean jarraitzen du, eta ertzain akusatuek zerbitzu juridiko publikoen laguntza izan zuten; sei akusatuetatik bakarra zigortu zuten, eta dimisio bakarra iritsi da, Jorge Aldekoa ertzainburuarena. Dimisio gutunean aitortu zuen Ertzaintzak ez duela behar bezain azkar aldatu jokabidea. «Zoritxarrez, gertatutakoak agerian utzi zuen ez genuela betiko errituala ez errepikatzeko adina bide egin». Betiko errituala, alegia, eufemismorik gabe: jendearen aurka oldartzea itsu-itsuan.

Eta, tartean, atzo Cabacasen gurasoek gogoratu zutena: Eusko Legebiltzarrak aste honetan onartu duen poliziaren biktimen legetik kanpo gelditu dela haien semea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.