Rubiales auzia oso didaktikoa izaten ari da patriarkatua zer den ulertzeko. Izan ere, ez da Rubiales (bakarrik), patriarkatua da. Ikaragarria da. Espainiako futbol selekzioak Munduko Txapelketa irabazi zuenetik Rubialesek egin dituenak ezagunak dira. Jarrera matxista, autoritario, misogino, indarkeriazko... Baina, gizon horrek horrela jokatzen badu, patriarkatuak babesten duelako da. Patriarkatua sistema oso bat baita, eta ez pertsona bakar bat.
Zalaparta itzela sortu da Espainian eta nazioartean, eta, Rubiales kargutik kentzera zihoazela zirudienean, patriarkatua azaldu da: Kirol Auzitegiak galarazi egin dio Espainiako Gobernuari hura berehala kargutik kentzea, egindakoa «oso larria» dela esan beharrean «larria» dela esanda.
Aldaketa nahi baino makalago gertatzen ari da, baina zerbait aldatu da. Onespenik gabeko musuak ematea indarkeria dela ez zuen planteatu ere egin askok orain arte. Eztabaidak eta argudioak txoko guztietara iritsi dira, eta patriarkatuaren eskutik datorren indarkeriaren kultura hain baita takarra eta gogorra eta sakona, denetarik entzun da. Baina argi gelditu da: norbaiti bere gogoz kontra musu ematea indarkeria da. Tamalez, urruti gaude bukatu dela esatetik. Hori bai, ez dago atzera-bueltarik. Bukatu ez den arren, amaiera du.

HIZPIDEAK
Rubiales eta patriarkatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu