Arrauna. Kontxako Bandera

Bakoitza bere eroak biziko du

Kontxako Banderako lehen jardunaldia da gaur (12:00). Zortzi traineru lehian. Bi txanda. Ohiko martingala: balizko eguraldi aldaketa, kale zozketa... baina estropada bizitzeko, hainbat modu.

Orio eta Hondarribia, atzo goizean Donostian, azkeneko entrenamenduan. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Leku bat eta bakarra da Donostiako kaia. Baina ezagutzen ez duenak, eta atzo eta gaur arrapalara gerturatzen denak pentsa dezake bi ezberdin direla: atzokoa eta gaurkoa. Bezperan, lasaitasuna. Traineruak gertu azkeneko entrenamendua egiteko. Gora eta behera ibiltzeko zailtasunik ez. Ezta zaleen biba eta animorik ere. Ikusleak paseoan dabiltzanak. Hirikoentzat ez da arrotza atzoko irudia; badakite gaur eta datorren igandean Kontxako Bandera izango dela jokoan. Kanpotarrak zur eta lur, zer arraio diren ontzi luze horiek galdezka; harridura bera ere txunditu egiten zaie uretan sartuta ikusten dituztenean, hamahiru arraunlari eta patroia barruan direla. Ospetsuren bat ere bai zer suma: Atletico Madrileko prestatzaile fisikoa, Oscar Ortega, korrika saioa egiten gelditu, eta sakelakoarekin argazkiak ateratzen arrapalakoari.

Ikusi gehiago:Uda osoan izan ez den berdintasuna ekar dezake Kontxak gaur

Begira dagoenak ikusi ditu Donostiako emakumezkoen bi taldeak gurutzatzen: bata uretatik sartzen, eta bestea irteten. Ikusi du Jon Salsamendi Orioko entrenatzailea metroa hartu eta toletetik toleterako tartea neurtzen. Ikusi du Hondarribiako gizonezkoen ontzia, Ama Guadalupekoa nola ekarri eta ipini duten arrapalan, arraunlariek hartu eta uretara eramateko ahalik eta lekurik egokienean. Ikusi ditu hiruzpalau hedabidetako kazetariak, elkarrizketak egiten. Eta ikusi ditu beste hainbat gauza.

Gaurkoa beste gauza bat izango da. Hasteko, zaleek beteko dute arrapala, nolatan eta ez duten hesitzen, asteazkeneko sailkatze estropadan bezala, tradizioa kareletik botaz. Atzoko isiltasuna zarata bihurtuko da gaur. Aupa! aurretik, eta bakoitzak bere gustuko duen traineruaren izena ondoren. Oilo ipurdia jarriko zaie arraunlariei arrapalan behera; baita zaleei ere.

Joango dira itsasora, egingo dute beroketa denek. Batzuek lehendik gori duten konfiantzari beste indarraldi bat emango diote; urduri dagoenek lehen aldia duelako arraunean Kontxan, lasaitua hartuko du, edo gehiago urdurituko.

Aterako dira 12:00etan, lehen txandako lau taldeak: Orio, Getaria, Hondarribia eta Kaiku. Ikusgai izango dira Puntak bitartean, gero ia desagertzeko. Iritsiko dira halako batean ziaboga bakarrera, eta beste estropada bati ekingo diote: barruranzko lanari. Azalduko dira berriz ere Santa Klara uhartearen parera, eta zaleen oihuak berpiztuko. Badiako metroak egingo dituzte: batzuek olatu gainean, hegan; bestee, kalbarioa noiz bukatuko, irrikaz. Barrenak hustuta, botako dute gorputza arraunlariek karel aldera, toletearen albora. Denborak entzungo dituzte segituan, sailkapena, patroiak esanda. Hasiko dira gorputzari buelta ematen, likidoen laguntzarekin. Eta baztertuko dira eremutik. Lehorrera gero.

Handik pixka batera jarriko dira irteeran bigarren txandakoak: Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Ondarroa. Larri antzean, ikusten badu faborito sentitzen denak lehen txandako beste faboritoak edo besteek oso denbora ona egin dutela. Akordatuko da orduan kale zozketan nahiago izango zukeela aurrenekoan joan. Begiratuko dio, agian, zeruari, nekearekin itsasoarekin nahasi aurretik: aldatuko ote da haizea?, galdetuko du. Zer egingo duen pentsatzen ari dela, semaforoa berde ikusi, eta abante.

Bakoitza bere kaletik. Horra beste buruko mina Kontxan. Haizea eta itsasoa nolako, kaleak halako. Ona edo txarra. Erdiko biderik ez normalean. Tokatutako lekutik joan behar kanporantz, bi aldeetara egiteko aukera gorabehera. Ziaboga. Erreferentziak. Txandakoak, eta aurreko txandakoak. Onak ala txarrak izan, beste estropada erdia egin behar. Poparean. Iragarpena betetzen ari da, eta metroko olatua dabil. Atzo eguraldiak hobera egin zuen eguerdian. Gaur, auskalo haizeak zer. Berdin dio. Bat, bi, hiru, lau... hamarreko bat gehiago. Arraun egiteko era ez galtzea da kontua. Azarotik edo abendutik mila bider egindakoa entrenamenduetan lehian erakustea. Teoria, erraza; praktika, gaiztoa.

Azkeneko metroak. Herio betean. Erreferentziak etengabe. Aurreko txandakoen denbora baino askoz hobea duenak gehiago nahi; ez dago etenik. Gora erritmoa. Gorago oraindik. Denbora asko ez galtzeko aurreko txandakoekin ere bizitu egin behar. Gaur zortzi ohorezko txandan egon nahi dutenek ere beste horrenbeste. Herioa bizirik. Lanak bukatu, eta denborak. Poza edo haserrea, kezka edo lasaitasuna. Gorputza bere onera ekarri, eta arrapalara berriz.

Zaleen babesa, urrezkoa

Zaleak zain. Irabazi edo galdu, baleko emaitza izan edo ez, babesa eta bibak seguru. Oilo ipurdia berriz, orain goranzkoan. Traineruak jaso, eta dutxatzeko aukerarik bada, dutxa hartu eta ospa handik arraunlariak. Pozik, haserre, kezkatuta, triste, etsita, amorratuta... Zortzi talde, eta beste horrenbeste adjektibo, edo hor nonbait. Bakoitza bere eroak bizi duelako. Atzo azkeneko entrenamenduan, eta gaur, lehian, eta ondoren ere antzeko. Garbi dagoen bakarra, hauxe: batek irabaziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.