Arrauna. Kontxako Bandera

Uda osoan izan ez den berdintasuna ekar dezake Kontxak gaur

Orio da bandera hirugarrenez irabazteko faboritoa, baina Arraunek konfiantza berreskuratu du. Bigarren txandan doaz biak

Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldea, atzo Donostian. JON URBE / FOKU.
A. Manterola Garate
Donostia
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Aurreikusten zen gauza bat Euskotren ligako lehian, baina ez da halakorik ikusi uztailean eta abuztuan. Oriok aise menderatu du Arraun Lagunak. Soilik bi egunetan kendu zion lehen postua: aurreneko jardunaldian, bandera irabazteko, eta Coruñako bigarren egunean, banderarik gabe sariarekin. Beste gainontzean, Orio nagusi. Salbuespen bakarra ligatik kanpo: Euskadiko Txapelketa Arraunek irabazi zuen.

Ikusi gehiago:Bakoitza bere eroak biziko du

Espero zen berdintasuna ez izateak eta bien arteko aldea hainbestekoa izateak bi ondorio utzi ditu: Orio garaile senarekin dabil, konfiantza handiarekin, eta Arraun, itzalita, entrenamenduetan eta prestakuntzako estropadetan erakusten duen eta erakutsi zuen gaia azaleratu ezinda. Horrela heldu ziren Kontxako Banderaren lehen lehiara, sailkatze estropadara.

Hara non, buelta eman zuen egoerak aurreko ostegunean. Zeinek irabaziko eta Arraunek Oriori. Lau segundo baino ez, eta ia ezertarako balio ez duen garaipena, sailkatzea bakarrik delako balekoa. Baina buruak agintzen du, eta Arraun bizitu egin du garaipenak. Ligan burumakur, orain alai eta bizi. Atzo Donostiako arrapala ikusi besterik ez zegoen zein aldartetan joan ziren uretara, azkeneko entrenamendua egitera, eta nola itzuli ziren poz berarekin edo handiagoarekin lanak bukatu eta gero. Zerbaitek klik egin du Arrauneko arraunlarien buruan.

Orio, kanpotik, lasai

Orioren kasuan, berriz, lasaitasuna nagusi kanpotik begiratuta. Barrutik, aldiz, kezkatxoa, Arrauni berpizten utzi dioten uste kezkagarriarekin. Nahiz eta jakin bazekiten aurkari zuzena gai dela udan erakutsi zuen baino gehiago egiteko. Estropada eta bandera guztietan gehien preziatuan izan ote daiteke ba udako espero zen berdintasuna? Ura epaile.

Oraingoz, gauza bakarra da ziurra: biak txanda berean joango dira, bigarrengoan. Alboan izango dute Donostiarra. Hiriko beste taldea ere indartsu dator, Zarauzko ligako estropadan maila ona eman eta jaitsierako kanporaketa atzean utzi eta gero. «Taldea ondo dago», esan zuen atzo, arrapalan, Rufo Urtizberea Donostiarrako entrenatzaileak. Igarle lana ere egin zuen: «Bandera gure txandan egongo da». Chapela Galiziako taldea izango da laugarrena bigarrengo txanda horretan.

Aurrenekoak emango dio hasiera estropadari. 11:00etan izango da, eta lau taldeak ondorengo hauek: Hibaika, Tolosaldea, Cabo eta Hondarribia. Euskotren ligako kanporaketa jokatuko duen Tolosaldea, mailari eutsi nahian, eta datorren sasoian liga nagusian aritzeko aukeraren jabe egin direnak beste hirurak: Hondarribia eta Hibaika ETE ligako lehen biak, eta Cabo, Galiziako ligako garailea, Chapelaren aurretik.

Hondarribiak uda ederra egin du ligan, eta Kontxan biribildu nahi du, Iker Cortes entrenatzaileak atzo esan zuen bezala: «Ginga jarri nahi diogu denboraldiari. Ea gai garen txanda irabazteko». Bigarrengoan berdintasuna izaten bada, beste honetan ere antzekoa aurreikusten da. Koska bat beheragokoa ere lehia badelako. Beste asmo batzuk izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.