Arrauna. Kontxako Bandera

«Berriz ere horrela?»

Erakustaldia emanda irabazi du Urdaibaik Kontxako Bandera seigarren aldiz. Gorka Aranberri patroiak zazpigarrena du. Udan zalantzak izan dituztela onartu du.

Urdaibai Kontxako Bandera irabazi izana ospatzen, igandean, Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Hor zehar entzuna: «Urdaibaik sekulako taldea dauka aurten. Zabalak [Iker Zabala, entrenatzaileak] Santurtzin berarekin izandako onenak batu dizkie Urdaibaiko onenei». Beste hau ere bai: «Dena irabaziko du aurten». Iritsi zen uztail hasiera, eta Zabalak BERRIAri: «Ez gara jendeak uste duen bezain faboritoak».

Hasi zen Eusko Label liga Bilboko erlojupekoan, eta Urdaibai bosgarren. Joan da uda ia osorik, eta ligako buruan da Bermeoko taldea. Eta Kontxako Bandera irabazi du, sei urteren buruan; seigarrena du. Baina, bidean, emaitza guztiak ez dira distiratsuak izan. Ez duela dena irabazi, alegia. Talde oso indartsua bai, osatu egin behar. Sekulako eskifaia izanagatik ere, izan dituzte zalantzak.

Gorka Aranberri patroiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) eman du baten berri, Kontxa irabazi eta hurrengo egunean, lanetik atera berritan: «Bilbon bosgarren egin eta gero, mamu zaharrak azaldu ziren, bi urte txar eginda zegoelako Urdaibai». Zalantzak dira mamuak: «Honelako galderak sortu ziren: 'Berriz ere horrela ibili behar al dugu? Berriz ere bigarren txandan?'».

Zabalaren lanari eman dio balioa kezkak eta zalantzak uxatzeko: «Buruz ondo eduki gaitu taldekook». Taldekideen jarrera ere txalotu du: «Pazientzia eduki dute estropada onak egin artean entrenatzen ondo segitzeko».

Estropada seinalatuan heldu da bolada on horietako bat: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, herenegun. Faborito izatea irabazi zuen lehen igandean, eta 7,84 segundora zeukan Hondarribia, eta 7,90era Donostiarra. Aranberrik estrategia xehatu du: «Irteera oso indartsua egitera atera ginen, astean zehar ondo prestatu eta gero. Zazpi segundora geneuzkanei gogoa kendu behar genien gure atzetik joateko».

Hondarribia azkar kendu zuten paretik, baina Donostiarra ez: «Bagenekien gurekin etortzeko asko jo beharra zeukatela, eta, ziaboga eman eta gero, atzean geratu ziren, guk aurrera egin genuelako, edo erori egin zirelako. Bagenekien arlo fisikoan gehiago garela».

Hortik aurrera ere jotzen segitu zuen Urdaibaik, eta nagusitasunez irabazi zuen Kontxako Bandera. Orduan lasaituko zen Aranberri ere, onartu baitu oso urduri zegoela estropada baino lehen: «Betiko tentsioaz gain, urduritasuna neukan». Uretara atera orduko pasatu zitzaion. Taldearen beroketa onak are gehiago lasaitu zuen, eta hortik aurrera gertatu zena jakinekoa da.

Aita Manuelen atzetik

Jakinekoa den bezala Aranberrik zazpi aldiz irabazi duela Kontxako Bandera. Ia goiko koskara heldu da patroien sailkapenean, herenegun Juan Lizarralde Altxerri oriotarra atzean utzi eta gero. Manuel Arrillaga Aita Manuel bakarrik du aurretik. Pasaitarrak bederatzi dauzka. «Gauza handiak dira. Bertigoa ere ematen dit».13-14 urterekin traineruaren popara igo zenean bezalaxe: «Aurreneko eskaloian tente jarri, eta ez nintzen uretara iristen. Esaten nuen: 'Nola arraio eramaten zuten patroiek horrelako ontzi bat?'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.