jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Bizilagunak

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Tragedia guztietan aurki daitezke elkartasun keinuak, eta Irun eta Baiona artean Bidasoaren bi aldeetan migratzaileek bizitzen ari diren zeharkaldi horren erdian ere badaude gizatasun argi izpi bat jartzen dutenak, iluntasuna geroz eta gehiago nagusitzen ari den gai batean. Azken urteetan, migratzaileak aterpetzen dituzten hamahiru elkarte sortu dira Ipar Euskal Herrian, eta guztira 70 familia dira orain euren etxeetako ateak babesa behar duten horiei irekitzen dizkietenak. Elkarbizitza ez da beti erraza, inork ez dituelako bere etxea eta familia milaka kilometrora uzten, Mediterraneoa eta Alpeak zeharkatu ondoren Euskal Herrian ezezagun baten etxean beste zer eginik izan gabe bizitzeko. Baina behar batek elkartu ditu batzuk eta besteak, eta, migratzaileek behin betiko irtenbide bat izan bitartean, familia horiek egiten ari direnak zer pentsatu eman beharko luke.

Elkartasun keinu batek behar bat uzten baitu beti agerian: arazo bat eta hutsune bat. Gizakien oinarrizko beharrak betetzeko herritarrak euren gisara antolatzen hasteak agerian uzten duena da erakundeak direla huts egiten ari direnak, gordin-gordin, inork salatu gabe ere. Horiei baitagokie bakoitzari bere mailan irtenbideak eskaintzea, behin-behinekoak eta iraunkorragoak. Hori egin bitartean, euren etxeak uzten jarraitu beharko dute migratzaileek etorkizun on baten bila. Eta bizilagunek euren ateak irekitzen jarraitu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.