jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Segregazioa

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hezkuntza, beste behin. Eskola, beste behin. Eskola gizarteko jokabideen ispilu, eskola gizarteari bere nahiak, ezinak, hipokrisia eta frustrazioak islatzen. Hitz bat: segregazioa. Hitz mingarria, normalean arrazan oinarritutako bazterkeriari lotua. Hitz mingarriagoa, Euskal Herriko eskolei buruz hitz egiteko, eskola askotan gertatzen ari den errealitate mingarri bat adierazteko: maila sozioekonomiko apaleko ikasleak, pobreenak —ez beti migratzaileen seme-alabak soilik—, eskola jakin batzuetan pilatzen direla. Sare publikoan itunduan baino nabarmen gehiago. Leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago; Gasteizen, esaterako.

Kontua da sistemak berak ahalbidetu egiten duela halakoak gertatzea. Aniztasunaz, aukera berdintasunaz eta eskola inklusiboaz hitz egiten duten agintari eta hezkuntzako eragile horiexek utzi egiten dutela ia beti eskola bakar batzuk izatea pluralak, berdinzaleak eta inklusiboak. Eta aintzat hartu behar da familia askorentzat, bereziki atzerritik etorritakoentzat, eskola, eskola komunitatea dela integraziorako tresna nagusietako bat.

Sistemak eragotzi behar du eskola segregazioa, eta, gertatuz gero, hark jarri behar ditu neurri zuzentzaileak. Harena da ardura nagusia. Hala ere, hori bakarrik ez da nahikoa. Gurasoek beldurrak eta aurreiritziak baztertu behar dituzte. Eskola segregazioa gizarte segregatzaile baten emaitza ere bai baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.