mikel p ansa
HIZPIDEAK

Izuaren zaintza

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Instituzio publikoetako arduradunek asaldura eta alarma sortzea egotzi ohi diete ingurumen eta kutsadura datuak jakinarazten dituztenei. Hori gertatu zen iazko abuztuan, BERRIAk Zabalgarbiri buruzko txosten bat argitaratu, eta EH Bilduk Bilboko Udalari azalpenak eskatu zizkionean. Txosten hori Tecnaliak egiten du, urtean bi alditan: Bizkaiko errauste plantaren inguruko zortzi eremutan laginak hartzen ditu, metal astunen pilaketa neurtzeko lurrean eta landareetan. 2017ko eta 2018ko datuetan argi ikusi da ugaritu egin direla: manganesoa, artsenikoa, kobrea, nikela, dioxinak... aipatzen ditu txostenak. Zenbait eremutan, horientzat zehaztutako mugak gainditu egin dira. Asier Abaunza Bilboko zerbitzuetako zinegotziak iaz EH Bilduri erantzun zionez, hamasei urtez hartutako 851 laginetan behin bakarrik gainditu dira neurri estandarrak, «apur bat», eta ez da beharrezkoa neurri berezirik hartzea. Kontuak eskatu zizkion koalizioari: «Osasun publikoarekin ez da jolasten, herritarrak izutzen direlako». Eta osasun publikoko kontuekin herritarrak izutu egin daitezkeenez, hobe da Tecnaliak Zabalgarbirentzat urtean bitan egiten dituen txostenen aurkezpen publikorik ez egitea, eta denbora alferrik ez galtzea esplikatzen manganesoa lurrean pilatzeak izan ditzakeen (edo ez ditzakeen) ondorioak. Instituzio publikoek badakite zer den ona eta zer txarra herritarrentzat, eta haiek arduratuko dira behar diren txostenak egiteaz eta ez aurkezteaz, inor ez dadin behar baino gehiago larritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.