mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Imajinazio diplomatikoa

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Disuasio» nuklearra mahai gainean paratu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak duela astebete. Gerra nuklear bat pizteko arriskua txikia dela uste dute adituek, baina, Gordon Corera BBCko segurtasun gaien adituak zehaztu bezala, «beti dago arriskua kalkulu okerrak egiteko, alde batek bertzearen interpretazio okerrak egiten baditu edo gertakariak eskutatik joaten badira». Apustua igota, gibelera egiteko tokia txikitzen da.

Barack Obamari gertatu zitzaion 2013an, AEBetako presidente zenean. Presiopean zegoen Sirian gobernuaren aurka esku har zezan. Begi bistakoa zen ez zuela hori egin nahi, Irakeko inbasioak (2003) utzitako zama handia baitzen. «Marra gorri bat» ezarri zuen: eraso kimiko bat gertatzea. Hilabeteak eman zituen erraten hori zela marra gorria, presioa arintzeko. Baina 2013ko abuztuan eraso kimiko bat gertatu zen, eta bere solasen preso gelditu zen Obama. Erasoaldiak saihetsezina zirudienean, Etxe Zuriak eta Kremlinek elkarlanean atondutako ezusteko jokaldi diplomatiko batek, Siriak armagabetze kimikoa bere kabuz egiteak, «marra gorria» gurutzatu behar izatea eragotzi zion Obamari.

Oraingo egoera arrunt ezberdina da, ordea: bi potentzietako batek hasi du gerra, eta ez urruti duen erregimen bat desegiteko, bizilagun duen herrialde bat bereganatzeko baizik, bertze potentziarekin aurrez aurre paratuta. Baina gatazka bide diplomatikoetatik konponduko bada, 2013an erabilitako imajinazioa atera beharko du norbaitek, apustuak anitz ari baitira igotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.