mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Etxe Zuriaren esperoan

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gordinki zintzoa izanen naiz zuekin: Europak ez du behar adinako indarra. Arazoak izanen genituzke Estatu Batuak gabe». Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak adierazi zuen hori, herenegun, Australian egindako agerraldi batean. Errusiarekiko balizko gatazka batez ari zen. Marinek erran zuen Ukrainari aliatuek «behar den guztia» eman behar diotela Errusiaren inbasioari buru egin diezaion, eta AEBen rola «erabakigarria» izaten ari dela arlo horretan.

TF1 kateak atzo eman zuen elkarrizketa batean, berriz, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi zuen Mendebaldeak prest egon behar duela negoziazio batean Errusiaren «beldurrei» erantzuteko: hau da, «NATO atariraino ailegatu izanari, eta Errusia mehatxa dezaketen armak hedatzeari». AEBetan eman zuen elkarrizketa hori joan den astean, Joe Bidenekin elkartzeko egin zuen bidaian.

Mosku hurbilen duten estatuak dira hura urrutien nahi dutenak, eta Errusiak inbasioa hasi zuenetik jarrera gogorrena hartu dutenak. Macron, ordea, hilabete hauetan ahalegindu da bertzelako jarrera bat erakusten, eta, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batera, gerra Ukrainatik kanpora hedatzeko arriskuarekiko beldurra argien adierazi duen agintaria izan da. Mendebaldeak gerran hartu behar duen norabidea erabakitzeko orduan, ordea, oraingoz guztiak daude Etxe Zuriak zer erranen duen esperoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.