Urriaren 1eko erreferendumerako hamar egun geratzen zirela, Espainiako Gobernua giroa gaiztotzen hasi zen, galdeketaren antolaketaren atzean ustez zeudenen atxiloketekin. Hamar egunean, orduero-orduero egon ziren miaketa, deklaratzera deitze, botopaperen konfiskazio, esku hartze informatiko eta ekintza gehiago. Espainiako milaka polizia Bartzelonako portuan Piolinen itsasontzitik ateratzeko amorratzen zeuden, noiz ilunduko independentisten ilusio eta prestasuna, pozik baitzeuden, errepresioa errepresio, erreferenduma egin eta errepublikaren hasiera ikusiko zutelako konbentzimendu osoz. Eta egin zen, baina espero ez zuten gordintasunak inguraturik. Egun hartatik aurrera, zapalkuntza politiko eta judizialak mugatutako ibilbidea egin dute; egoeraren larriak zatitu ditu, eta estrategia bateratu eta eraginkorra egiteko zailtasunak dituzte, baina horretan ari dira, egindako bideak ez duelako haientzat itzulerarik.
Inozotasuna ikusi dute askok —Euskal Herritik zer esanik ez— ez baitzuten aurreikusi Espainiako Estatuak ondotxo erabiltzen dakizkien kartekin jokatuko zuela, boterearen indar hutsez, besterik eskaini gabe. Baina inozo hitzaren etimologia aske izatea da, ez esklabo. Inozoak ausardia du, eta eskarmentuetara ohituta dagoenak ixten dituen ateak zabaltzeko gaitasuna.

HIZPIDEAK
Katalan inozoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu