jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Amuak

2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Apustu etxeak dirua galtzeko dira. Irabaztea amua da, baina jokatzen duenak galtzea da negozioaren muina. Bestela ez legoke negoziorik, ez eta apustu etxerik. Azken urteetan dirua jokatzeko modu berriak agertu eta hedatu dira. Lehen ere baziren apustuak eta dirua galtzeko lekuak, lehen ere jokatzen zen dirua kirolean, baina moduak aldatu dira eta bilakaera horrek beste dimentsio bat eman dio jokoari: tabernetako kirol-apustu makinak sozializatu ziren, joko aretoak ugaritzen ari dira, eta Internetez jokatzeko guneek eta aplikazioek dena errazten dute. Espazioak aldatu dira, edo bestela esanda, paretak erori dira, eta jokoa publiko berri bati ireki zaio: gazteei.

Bilakaera horrek eta ludopatiaren ondorioek tentuz jokatzea eskatzen dute. Eta zeregin horretan, administrazioari dagokio arautzea, baina kirol eragileek ere ardura dute. Ez direlako apustuak bideratzeko objektu soila, subjektu ere badira, apustu etxeei publizitate eginez ematen dieten oinarriaren eta ikusgarritasunaren bitartez; negozioaren parte dira, mozkinen eroale. Hala futbol taldeak nola pilota enpresak edo apustu etxe baten euskarri den edozein kirolari.

Realaren elastikoan publizitatea jartzearen truke apustu etxe bat beste edozein iragarle baino diru askoz gehiago ordaintzeko prest dagoenean, zerbaitegatik dago prest. Apustu etxeak badaki zergatik. Eta Realeko bazkideek ere bai: kirol apustuetan ez dago amu bakar bat, eta realzaleek uko egin diote amu izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.