Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Garapenaren lohiak

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Berriz ere, Minas Gerais estatuak giza eta ingurumen hondamendia jasan du. Burdinezko hondakinen presa hautsi, eta lohizko ibai batek aurrean jarri zaion guztia eraman du: langileen jantoki bat, baita han zeuden langileak ere. Berriro ere Vale konpainia dago hondamendiaren atzean, burdina ekoizten duen munduko enpresarik handiena, 2015ean Brasilgo historiako ingurumen katastroferik handiena eragin zuen huraxe. 1942an sortu zuen estatuak, baina 1997an pribatizatu egin zuen Fernando Henrique Cardoso presidente zenak. Estatuarena zenean, 50.000 langile inguru izan zituen, eta pribatizatu ostean, berriz, 100.000tik gora, horietatik gehienak azpikontratatutako enpresentzat lanean, eta egoera tamalgarrian. Presa eraikitzeko teknika bera ere merkeena eta segurtasun eskasekoa da; gertatu dena gertatzeko aproposa.

Baina berdin dio zenbat lohi kutsatu isuri, hemendik aurrera are eta okerragoa izango da eta. Jair Bolsonarok argi du: herrialdeak aurrera egin nahi badu, «ingurumen aktibismoa amaitu behar da, erreserba naturalek garapena oztopatzen baitute». Michel Temer presidente izan den garaian, deforestazioa %50 hazi da, eta Bolsonarok dekretua sinatua dauka dagoeneko, babestutako guneetan meatzeei nahierara ekiten uzteko. Lohia gutxienekoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.