inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Euskal kausen topalekua Miarritzen

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Kapitalismoaren ikurretako bat da G7 munduko herrialde boteretsuenen bilkura. Bizpahiru urtean behin elkartu ohi dira zazpi handietako arduradun politikoak, eta aurrera begirako asmo ekonomikoak aztertzen dituzte elkarrekin; hots, munduaren norabidea zehazten dute, eta, beraz, ez da harritzekoa garrantzia bezainbeste aurkari izatea hitzorduek.

Frantzia zazpi handi horietako bat izanik, Euskal Herriaren parte bat bada, nolabait, G7koen bilkuran ordezkatuta. Aurten, gainera, Miarritzen egingo dute topo abuztuan, eta, AEBetako presidente gisa, Donald Trumpek lehen aldiz zapalduko du euskal lurraldea. Harekin batera izango dira Erresuma Batuko, Italiako, Alemaniako, Kanadako, Frantziako eta Japoniako agintari gorenak. Kontrakoen protesta andana ere espero direnez, poliziak aspaldi ari dira Lapurdiko kostaldea hesitzen.

Jada hedabideen jomugan egonik, bi bilkura garrantzitsuren lekuko izan berri da hiria: ostiralean, 5.000 lagunek Seaskarentzako 30 irakasle lanpostu eskatu zizkioten Parisi; atzo, beste milaka batzuek presoen eskubideen aldarria egin zuten. Globalizazio kapitalistaren hiriburu izango da Miarritze, baina baita hainbat euskal kausaren topalekua ere, mapetan ageri ez den herri zaharra munduari erakusteko beste aukera bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.