Kasualitatea, ospitaleak ixten hasita Asuncion klinika izatea lehena. Hara joan-etorrian ibilia denarentzat ez da, ez, kasualitatea gertatutakoa, bai baitaki kausa askoren ondorio dela zentroaren jardun gorabeheratsua: eraikina zaharkitua dela, langileen lan baldintza kaskarren ondorioz espezialistak ez-espezialistek ordezkatzen dituztela, nahikoa baliabiderik ez dagoela, eta irregulartasunak, berriz, agerikoak direla...
Asko eta asko dira zentroaren gainbehera erakusten duten sintomak. Eta sintomatikoa da Osakidetzak itunpean duen zentro pribatua izatea, kudeaketa interesatua egotea Andoaindik Legorretarainoko 65.000 pertsonaren osasunaren gainetik. Kudeatzaileen helburua ez baita osasun arretarik onena eskaintzea, etekin ekonomikoak lortzea baizik.
Osakidetzaren ardura da, ordea, argitzea zer dela-eta kutsatu diren horrenbeste langile Asuncionen, non huts egin duten protokoloek eta segurtasun neurriek. Baina ororen gainetik, klinikako langileek eta erabiltzaileek aspaldian eskatzen diotena kontuan hartu beharko luke: herritarrek jarritako diru publikoa osasun publikoaren esku jartzeko, beharko lituzkeen berme eta baliabide guztiekin.
COVID-19ak agerian utzi baitu etenik gabeko pribatizazioa gaitza bera baino arriskutsuagoa izan daitekeela gizarteko sektorerik zaurgarrienentzat.

HIZPIDEAK
Kasualitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu