mikel p ansa
HIZPIDEAK

Atzetik

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Espainiari buruz idatzi du The Lancet aldizkariak, baina izan zitekeen Euskal Herriari buruz: «Konfinamendua kendu zenean, ekainean, eskualdeetako autoritate batzuk seguru asko azkarregi ibili ziren irekitzean, eta motelegi [COVID-19a] atzeman eta jarraitzeko sistemak ezartzerakoan». Aditu askok ohartarazi dute birusaren atzetik dabiltzala instituzio asko, eta estrategia garbi bat diseinatu gabe —edo, behintzat, estrategia hori argi azaldu gabe—. Adibidez: badira 11 egun Gipuzkoako datuak okertzen hasi zirela, eta atzo arte Jaurlaritzak ez zuen iragarri neurri berririk; gainera, neurri horiek ez daude bereizita probintzien artean. Nafarroak uztailaren 22an gainditu zuen PCR positiboen %5eko batez besteko langa; ez da jaitsi geroztik. Hegoaldeko beste hiru probintzietan ere, abuztu hasieratik ez da jaitsi %4,5etik. Alemaniak, 100.000 biztanleko 50 kutsaturekin, onartu du kutsatze kateen kontrola galdu duela. Hemen, denborak dira tasa hori askoz altuagoa dela, baina instituzioek ez dute esplikatzen non kutsatzen diren kasu berriak; ez da datu hori existitzen, eta horrela nekez ulertzen dira hartzen diren eta hartzen ez diren neurriak. Krisi honi aurre egitekotan, balantzaren bi aldeek elkar hartu beharko dute, administrazioek eta herritarrek, baina irudipena da konfiantza erabat pitzatua dagoela, bi aldeetara. Administrazioek ez badute gauzak hobeto esplikatzeko eta datu guztiak emateko ahalegina egiten, nekez konbentzituko dituzte gero eta nekatuago dauden herritarrak. Eta ezin da itxaron ZIUek gainezka egin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.