mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Fignonen madarikazioa

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Bai, oroitzen naute lasterketa bat galdu nuelako». Laurent Fignon txirrindulariak Cycle Sport aldizkariari emandako elkarrizketa batean aitortu zuen hori, 2005ean, erretiratu eta hamabi urtera. Fignonen izena historiarako lotuta gelditu da 1989ko Frantziako Tourreko azken etaparekin, Parisko Eliseoko Zelaietan, maillot horia jantzita, malkotan abailduta, txirrindularitzako lasterketarik handiena azken unean zortzi segundorengatik galdu ondoren. Ordurako bazituen bi Tour irabaziak, Italiako Giro bat ere bai, klasiko handiak... 1980ko hamarkadako izar nagusietakoa, ametsetako palmaresa. Baina... memoriaren apetak.

Iragan irailean, Primoz Roglic maillot horia soinean zuela abaildu zen La Planche des Belles Filles mendateko helmugan, Tourra bukatzeko bezperan, irabazia zuela zirudienean, ezin sinetsita nola gainditu ahal izan zuen Tadej Pogacar arerioak. Ordutik, txirrindularitzako Monumentuetako bat (Lieja-Bastogne-Lieja) irabazi du, eta, gaur, Espainiako Vueltan gailenduko da. Hamarkadako onenen zerrendan dago Roglic. Tourra irabazteko hautagai nagusien artean jarraitzen du. Inoiz irabaziko ez balu, gerta liteke Fignonen madarikazioa betirako jasan behar izatea. «Zer oroitzen du historiak?», galdetzen zion Fignonek bere buruari. «Garailea, guztiaren aitzinetik. Historiak garailea oroitzen du, eta momentuko baldintzak ahazten ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.