mikel p ansa
HIZPIDEAK

22352

2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Simone Chrisostome zuen izena, Vilalta ezkon deitura. Urtarrilaren 1ean hil zen, 97 urte zituela, Hendaian. Naziek Bigarren Mundu Gerraren garaian Alemaniako kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten dozenaka euskal herritar ezkertiar haietako bat zen; seguru asko, oraindik bizi zen azkenetakoa. Euskal Herriko historian ahaztuak izan diren milaka horietako bat.

Memoria historikoa 1936ko gerrarekin hasi eta bukatzen dela ematen du, baina historiaren zokondoetan badira armiarma sare gehiago. Ipar Euskal Herriko historiari, bereziki, oso leku eskasa eman zaio Euskal Herrian. Zer esanik ez eskoletan. Are gehiago bestetan. Lehen Mundu Gerra ez da existitzen, dagoeneko, euskal herritarren memoria kolektiboetan, eta Bigarren Mundu Gerrako naziak Hollywoodengatik ezagutzen dira. Chrisostomerenak bezalako historiak, fikziozko film askok baino gidoi harrigarriagoa dutenak, ez dira ezagutzen: 19 urterekin atxilotua, aitarekin erresistentzian hasi zelako; Ravensbrueckeko kontzentrazio esparruan atxikia; mirariz salbatu zena: 30 kilo baizik ez zituen errusiarrek salbatu zutenean.

Hendaiako Herriko Etxeak ohore egin zion orain duela bi urte, eta «heroi» gisa aitortu zuen. Baina, akaso, heroi gutxiago eta pertsona gehiago behar ditu herri honek; eta pertsona horiek pentsatzen zutena ezagutzea. «Garai nahasiotan, ez dago lekurik gorrotoarentzat eta xenofobiarentzat», esan ohi zuen Chrisostomek, nazientzat 22352 presoa zenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.