mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Ehun metro

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak bi gai aipatu zituen atzo erakundearen batzarraren hasieran: Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituzten zortzi muga pasabideren itxierak, eta bide guztiak itxiak dituzten migratzaileen egoera.

Frantziako Errepublikak ezarri dituen neurriek duela urte batzuk ageri zen baino gordinago azaleratu dute Euskal Herriaren zatiketa, bertako biztanleen mugimendu eta komunikazio naturala oztopatu baitute, eta, migratzaileen kasuan, traba fisiko bat paratu baitiote bizitza duin baten bila hasitako bidaiari. Euskal Herriarentzat auzi nazionala da mugarena, banaketa lerroaren bi aldeei eguneroko bizitzan eragiten diena. Bertako erakundeek, era batera edo bertzera, kexa eta kezka agertu dute, baina ez diote modu koordinatu eta bateratu batean aurre egin arazoari.

Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako erakunde nagusiek badute harremana eta lankidetza arlo anitzetan, baina ez dira inoiz bloke bat bezala elkartu interes komun baten inguruan. Eta mugarenak badu horretarako funtsa; alde batetik, haien herritarrek banaketaren kaltea pairatzen dutelako; eta, bertzetik, haien administraziopeko lurraldeetatik pasatu nahi duten migratzaileen bizitza arriskuan dagoelako. Ehun metro edo gutxiago zabal da Bidasoa, eta ez du horrek geldituko gatazkak, basamortuak, mafiak, Polizia torturatzaileak, txarrantxak eta itsaso bat gurutzatu dituen norbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.