mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Istorio polit bat

2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Realaren zale batzuek sare sozialetan eskatu dute gaur Anoetak ongietorria egin diezaiola Jose Luis Mendilibar Sevillako entrenatzaileari. Realak berak ere sare sozialetan dituen kontuen bidez sustatu du Mendilibarren aldeko giro ona. Baina ez da Realaren kontua bakarrik, Sevillak Europa liga irabazi duenetik erruz hedatu baitira Euskal Herriko bertze taldeen zaleen artean ere Mendilibarren aldeko mezuak, baita penintsulako zoko gehiagotan ere.

Zaldibartarraren nortasuna eta manerak jende arruntari identifikagarriak egiten zaizkio, nahiz eta jende arruntarengandik gero eta gehiago urrutiratu den mundu baten parte izan.

Mendilibarrek Sevillan egin dituen bi hilabete eta erdiek Disneyko gidoilariren batek idatzitakoak dirudite: gainbeheran heldu zen ingurune loriatsu batera ailegatu zen ibilbide umileko pertsona bat; hasieran, mespretxua jasan behar izan zuen, hain zuzen, umiltasun horregatik; lanari eta berezko dohainei esker egoera irauli zuen; eta, azkenik, klimaxean, protagonistaren kontrako balioak —nazioarteko izarra, galtzea zer den ez dakiena, harroputza...— ordezkatzen dituen antagonistari irabazi zion. Aspalditik neurria arruntean galdua duen negozioa da gizonezkoen futbola, afizioa adina arbuio eragiten duena gizartean, baina, hala ere, tarteka istorio politak sortzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.