Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Abuztu aurreratua

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hitza bete du PSNk». Horixe txio batean Maria Txibitek atzo esan zuena: «Boto bat bera ere ez NA+-ri, ezta Bilduri ere. Aukera egon den lekuetan akordio aurrerakoiak erraztuz, eta eskuinaren eta subiranismoaren alternatiba gisara proposatuz. Beti taldeen erabakiak errespetatuz». Beste garai bati buruz ariko balitz bezala da txio hori, eta ez atzokoaz, hauxe izan baita haren apustu aurrerakoi eta zintzoa: Barañain, Burlata, Berriobeiti edota Lizarrako alkatetzak Navarra Sumari ahalbidetzea, deliberoz boterea eskuinari emanez, beste aukera batzuk zeuden lekuetan.

PSOEk lehenagotik ere ohituak gauzkan jokaleku batera eraman du Nafarroa: NaBai, PSN eta IUren gobernua galarazi eta Miguel Sanzen UPN hobetsi zuen 2007ko garaira: Nafarroa urteetako erregimenera kondenatu zuen abuztuko kolpe hartara; edo 2014an PSNk Yolanda Barcinari jarri asmo zion zentsura mozioa geldiarazi zuenera.

Alderdi abertzaleei ohar argia heldu zaie: abuztua aurreratu dutela udaletan, lau urteetan PSNk Navarra Sumarekin akordioak eginez gidatuko dituztela, eta jokaldi hori bera izan litekeela lasai asko Nafarroako Legebiltzarra osatzerakoan. «PSN kanpora», oihukatu zuten atzo herritarrek Iruñeko udaletxearen plazan. Sozialisten balizko bazkideek eta babesleek kontuan hartu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.