mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Orban zikina

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Israelgo eskuin muturrak indar erakustaldi bat egin du aste honetan, Jerusalemen alde okupatura sartu eta karriketan arabiarren aurka mehatxuak eta irain arrazistak botata, Poliziaren babespean. Mediterraneoaren ekialdeko muturrean, hori. Mendebaldekoan, eskuin muturra hauteskunde batzuen protagonista bihurtu da. Madrilgo erkidegoko presidentegai bati heriotza mehatxuak egin dizkiote —baita Espainiako Barne ministroari eta Guardia Zibilaren zuzendariari ere—, eta irrati bateko eztabaida batean hautagai horrek alde egin behar izan du Vox alderdikoaren errespeturik gabeko jarrera erasokorra jasan ezinda.

Itsaso berberaren bi punta, ezaugarri eta testuinguru politiko ezberdinak dituzten inguruneak, baina funtsean mehatxu berbera edo antzekoa: faxismoa. Eta ez da Mediterraneoaren bi puntak jasaten duten kasu bakartua, itsaso horren ipar parteko lurraldeetara zabal hedatua baita azkenaldian eskuinaren forma muturrekoenen mamua, ekialde zein mendebaldera. Eta mamu horren mehatxua ez da espezifikoa bakarrik; integrala da, agenda bat baitakar golkoan, ultra, mutur edo faxista kalifikatzaileei ihes egin ohi dieten indarrek zurrupatu dezaten, petrolio orban bat bezala hedatu eta zikindu dezan ahal duen inguru gehiena, ekosistema pluralak suntsitzeko.

Apirilak 26 ditu bihar. Data aproposa oroitzeko Euskal Herria ez dagoela orban zikin horretatik salbu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.