begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Iparraldetik dator Hamlet izango dena

2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bada gurean pareko gutxi duen film erraldoi bat. Ziurrenik diru-leihatilaren marka guztiak hautsiko, birrinduko ditu, baina hori, arras pozgarria bada ere, ez da garrantzitsuena. Darion kalitate magiko-epikoa dugu, ostera, kontu harrigarriena. Kalitate ikusgarria, ikuslea auskalo norantz, harkaitz izoztuen puntan bizi diren jainkoek eta erraiak sutan dituzten leizeetan bizi diren demonioek baino inork, ezerk ezagutzen ez dituen zeru goienetara edo infernu sakonetara eramango duena. Zorabio osoan den ikuslea, pozoiaz eta eztiaz eginiko edabez ito duten hori, ez hemengoa ez horkoa ez hangoa den mundu edo ez-mundu baten atarian (eta barrurago ere) utziko duen kalitate misterioz gainezka.

Robert Eggersen The Northman-ez ari naiz, Hegoaldeko zinema saloi ia guztiak hartu, okupatu, konkistatu ondoren, Iparraldeko beste hainbat datorren astean setiatuko dituenaz.

The Witch (2015) eta The Lighthouse (2019) filmen egileak sinatzen du denbora ere existitzen ez zen garaietara bultza egiten digun kontakizun hau, baina amaierarik ez du zeluloidezko epopeia honetan parte hartu dutenen izen zerrendak. Eta ez dira hala moduzkoak beren dohain, jakinduria eta ofizio-sormen trebeziak.

Gidoian, esaterako, Sjon izeneko idazle-musikari-komikigile islandiarrak hartu du parte. Ikaragarriak dira gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez irakurgai ditugun Skugga-Baldur (2003), Argóarflísin (2005) eta Rökkurb?snir (2008) bere liburuak, Europako lur urrun, hotz, estrainio horietan kokaturikoak.

Argazkian, kamera maneiuan, Eggersen aspaldiko lankide Jarin Blascke ibili da. Aholkulari hamaika izan du zinemagileak mugarik gabeko ekoizpen hau aurrera atera ahal izateko. Hizkuntzalariak (Haukur Thorgeirsson). Historiagileak, desagerturiko herrien erritu eta sinesmenetan adituak (Upssalako Unibertsitatean Arkeologia eta Antropologia irakasle diharduen Neil Price). Behar izan ditu Robertek poetak jainkoekin batera kantuetan ibiltzen ziren aro horietako jendeak erabiltzen zituen oihalak, larruak, jada existitzen ez diren hegaztien lumak, erreketan dir-dir egiten zuten harri-koskorrak eta beheko erreinuetatik ateratako metal nobleak inork baino hobe ezagutzen zituztenen gida eta laguntza.

Ezinbesteko izan ditu gaurkoak ez diren zaldien maneiua zekiten zaldizkoak. Ezinbesteko, zenbatzen ere ez ziren urte haietako armak erabiltzen zekiten horien konpainia. Iparraldeko Gizonak, bere arerioek zein bere parekoek pantailan (arren, otoi, faborez, ikus ezazue filma ahal duzuen pantailarik handienean, zabalenean, altuenean) darabiltzaten ezpatak ez baitira gurean izan direnak. Ez vizcainas izengoitiaz ezaguturiko daga hilgarri horiek. Ez Espainiako Toledon edo Alemaniako Solingenen sortutako maskor esku-babesa eta xafla angeluzuzena pieza bakarreko ezpatak. Ezta 70-75 zentimetroko luzera zuen euskal ezpata bastante motza baina arras hilgarria ere. Ez dira pelikula honetakoak ez Arturoren Excalibur ez Hamlet printzea hil zuen hura.

Hamlet... Bai, Danimarkako printze malapartatua. Presente dago une orotan ikuslearen pentsamenduan. Izan ere, Amleth du izena The Northman-eko protagonistak. Izan ere, Eggersek eta Sjonek inspirazio iturri, oinarri hartu dute Shakespearek berak hartutako aspaldi-aspaldiko istorio bera, tragediak besarkaturiko munduaren goi partean dauden herri horietako printze batena...

Baina ez datorkigu Hamlet bakarrik burura pelikula ikustean. Ez, hortik dabil, baita ere, alderrai, Macbethen mamua. Are gehiago Lady Macbethena...

Burutik, kameratik, asmoetatik sano ez den Eggersen, Sjonen eta besteen (ez ahaztu, esaterako, ezpata duelu guztiak koreografiatu dituen C. C. Sniff maisua) delirio honetako planoak ere ez dira ohikoak. Adibide bakan bat jarriko dizuet zuen gozamenerako: plano sekuentzia bakar batean nahasten dira, gupida gabe, denborak, momentuak, istantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.