HIZPIDEAK
Legea eta ordena
Donald Trumpek esana du asko ikasi duela Richard Nixonengandik. Gogora ekarri du 1968ko kanpaina arrakastatsua, orduan ezagun egin ziren «legea eta ordena» eta «gehiengo isila» esaldiak berreskuratuta.
Nixon gogor aritu zen protestatan kalera atera zirenen kontra, eta manifestariak eraikinak erretzen agertzen ziren irudiak zabaldu zituen, ordena ezarriko zuela agindu bitartean, protesta biolentoak erakustea mesedegarri izaten baita egonkortasuna saldu nahi duenarentzat, baina dei arrazistak saihestu zituen. Hauteskundeen ostean jarrera agerikoagoa izan bazuen ere, kanpainan oreka mantentzen saiatu zen. Ongi atera zitzaion, estrategia politiko bikainari esker.
Trumpek behera egin du inkestetan. Kanpainako gaia impeachment-a izango zela uste zen garaia urrun geratu da: koronabirusak eta orain protestek txiki utzi dute kargugabetzearen mamua, eta ikusteko dago bozetarako geratzen diren bost hilabeteotan zer dagoen gertatzeko. Aspaldiko gizarterik polarizatuena da egungoa, eta hori du alde Trumpek: disimulurik gabe, esku gogorraren estrategiak bere aldeko botoa ez galtzea du helburu. Dinamika arriskutsua izan daiteke, ordea; Hillary Rodham Clintonekin etxean geratu ziren beltzak anima baititzake botoa ematera.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.